argia.eus
INPRIMATU
Ezustean David Campion independentea hautatu dute Iruñerriko Mankomunitateko buru
  • Berez Navarra Sumako hautagaiak irabaziko zuela aurreikusten zen, baina ostegun goizean Aritz Ayesa EH Bilduko hautagaiak eta orain arteko lehendakariak bere hautagaitza erretiratu zuen, adieraziz saiatuko zirela independenteren bat atera zedin lehendakari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko irailaren 27a
David Campión lehendakari berria atzo botoa emateko unean. (Arg.: Iruñerriko Mankomunitatea) David Campión lehendakari berria atzo botoa emateko unean. (Arg.: Iruñerriko Mankomunitatea)

Azken egunetako kontaketen arabera, Navarra Sumako Juan José Echeverriak 23 boto zituen eta Ayesak 22. PSNko Maite Esporrín hirugarren hautagaiak 7 zituen. Ostegun iluntzean egin zen bozketa eta Ollarango alkate David Campionek 29 boto lortu zituen, besteak beste, EH Bildu, Geroa Bai eta PSNrenak.

PSNren jarrera izan zen ezustekoa, gehienen ustez Iruñeko udalean gertatutakoa errepikatuko baitzen: haien hautagaitza aurkeztu EH Bildu ez bozkatzeko, horrela Navarra Sumako hautagaiari alkatetzarako bide emanez. Lehen itzulian PSNk bere burua bozkatu zuen, baina bigarrenean –Campiónekin negoziatzen jardun ondoren– honi eman zion botoa. Esporrínek geroago azaldu zuenez, hura bozkatu zuten Campionek sozialisten programa beteko zuela adierazi ondoren.

Karguaz jabetu zenean, Campiónek bi mezu nagusi bota zien udal ordezkariei: batetik, azken urteetan Mankomunitateak eraman duen lerroan sakonduko duela berak ere, horretarako gobernu talde zabala osatuz. Bestetik, argi azpimarratu zuen bere izaera independentea.

Enrique Maya Iruñeko alkateak antzerkitzat jo zuen PSNren jarrera eta EH Bilduk jarritako hautagaiari botoa ematea leporatu zion. Edozein kasutan, egoerak berriz ere islatu du orain arte Iruñeko Udalean hainbatetan ematen ari  den egoera: alkatetza baduela, baina askotan UPNk ezin dituela bere asmoak aurrera atera oposizioak bat egiten duelako.

Imarkoaingo korapiloa

Mankomunitatearen erronka nagusien artean dira garraioa eta hondakinak. Batetik hori da, eskualde osora eraman nahi duen Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana eta, bestetik, Nafarroako hondakinen plana garatzea. Alor honetan, plan orokorra egina du eta hor osagai klabea da Imarkoainen eraiki nahi den hondakinen tratamendu planta. Honen zailtasunen artean daude hainbat herritar taldek eta UPNk Noaingo alkatetzatik jarri dizkioten alegazioak. Sustrai Erakuntza eta hondakinen munduan diharduen Hiru R-en Konpainiak ere proiektua kritikatu dute, batez ere hondakinen tratamenduan berriz jotzen delako zentralizazioaren bidetik eta ez deszentralizaziotik, hondakinak sortzen diren guneetatik ahalik eta gertuen leudekeen tratamendu zentro txikiak eraikiz.