argia.eus
INPRIMATU
Gernikako Eztenak salatu du beste desalojo ilegal baten saiakera izan dela larunbateko erasoa
  • Larunbat gauean zenbait gizon Bloke Naranjara sartu ziren, indarrez. Prentsaurreko baten bidez, Eztenak salatu du proiektuaren eta birjabetutako espazioaren aurkako eraso hau beste desalojo ilegal baten saiakera izan dela. Bi kide identifikatu zituen Ertzaintzak.

Gedar @GedarLangileKZ 2019ko uztailaren 15
Erasoa salatzeko prentsaurrekoa.

Larunbat gauean Eztena proiektua kokatzen den Bloke Naranjaren kontrako eraso baten berri eman dute Gernikako (Bizkaia) Eztenako kideek. Izan ere, bi gizonezko eraikinera sartu ziren, “indarrez”, eta bertan miaketak egin zituzten. Horren aurrean, hainbat izan ziren proiektua defendatu asmoz eraikinera bertaratu zirenak.

Beranduago jakin genuen beste bi gizonezko ere agertu zirela eraikinera eta aurreko biekin batera bertan bildutakoen aurka egin zutela. Hain zuzen ere, "eraikinera sartzeko mehatxuak" egin zizketen bertan zeudenei; gazteak, baina, atea barrutik itxi eta gizonezkoekin hitz egiten ahalegindu ziren, “egoera baretu asmoz”. Ertzaintzak bi kide identifikatu zituen.

Desalojo ilegalaren saiakera: aurrekariekiko antzekotasunak

Eztenako prentsaurrekoan aditzera eman dutenez, eraso honen atzean “azpijokoa” dago; 2018an Bloke Naranja birjabetu eta hilabete batera eman zen erasoaren “antzeko logika” duela iritzi baitiote. Orduko hartan, 2018ko apirilean, Ertzaintza, eraikinaren jabeak eta horien abokatuak eraikinera sartu eta etxebizitza batzuetako sarraila aldatu eta alarmak eta kamarak jarri zituzten. Berme juridikorik gabeko desalojo saiakera izan zela salatu zuten.

Bide judizialetik salatu zuten Eztenako kideek orduko ekinbide hura. Eztenako kideek adierazi dute, prozedura judizial hartan, auzitegian ertzainetako batek deklaratu zuela, Ertzain buruak, eraikinaren jabeek eta Jose Mari Gorroño alkateak bilera bat egin zutela "erasoa adosteko". Ildo horretan sakonduz, nabarmendu nahi izan dute prozedura berean jabeetako batek epaiketa egunean epaileari "desokupak" kontratatzeko asmoa zuela adierazi izana. Larunbateko erasoa "azpijoko" gisa definitzean, honek 2018ko apirilean eman ziren prozedura irregular haiekiko dituen antzekotasunak dira beraz Eztenako kideek seinalatzen dituztenak.

Eraso bat baino gehiago

Larunbateko gertakariei dagokienean, Eztenak ohartarazi du erasotzaileak “gezurretan” aritu zirela, eta eraikinera sartzeko “beste interes batzuk” zituztela, bertan bizitzeko beharrik ez zutelako. Are gehiago, salatu dutenez “bortizkeriaz” aritu ziren gizonezkoak eta bertan bizi diren bizilagunen inguruan “komentario arrazistak” ere egin zituzten. Tentsio une handiak pasa ostean, egoera kontrolatzera iritsi ziren azkenean.

Baina larunbatekoaz gain, Eztenako kideek beste eraso bat ere salatu dute. Izan ere, prentsaurrekoan azaldu dutenez, duela bi aste ere gizonezko bat aurkitu zuten eraikinaren portalean: "etxebizitza batzuk hutsik zeudela zekiela esan zigun, eta giltzak ematea exijitu zigun. Bestela, itzuli egingo zela atea eraitsiko zuela mehatxatu gintuen."

Autodefentsarako deia

Irakurritako oharraren amaieran erasoen aurrean “posizionatzeko” beharrizana azpimarratu dute Eztenako kideek, eta Bloke Naranja desalojatzen bada 10 pertsona etxegabetuko dituztela salatu dute berriz ere. Amaitzeko, “autodefentsarako zilegitasuna” dutela eta hori “beharrezko tresna eta mekanismo guztien bidez” egikarituko dutela jakinarazi dute.