Eztena antzerki egunak ospatuko dituzte ekainaren 18tik 21era Mikelazulo kultur elkarteak eta Zizt! elkarteak antolatuta. Arte eszenikoei eskainitako topagunea izanen da Errenteriako ekimena.
Egitarau zabala osatu dute jaialdiaren antolatzaileek. Ostegunean emango diote hasiera “Piezak” izeneko ekitaldiarekin. Bertan, Euskal Herriko sei konpainiak beren lanak eskainiko dituzte, guztiak sortze prozesuan dauden piezak. Obra horien sortzaileekin lanen bilakaeraz hitz egiteko aukera izanen du publikoak. 18:00tatik aurrera izango da hau Mikelazulon, festa giroan eta pintxo potearekin bat eginez.
Hurrengo egunetan ere obra ugari ikusteko aukera izanen da herriko hainbat tokitan: Panier zubiaren alboan, herriko enparantzan edota Niessen kulturgunean, besteak beste.
Zenbait antzezlan talde txikientzako izango dira, eta horietarako sarrerak aurrez eskatu beharko dira jaialdiaren helbide elektronikora mezua bidaliz: eztenasarrerak@gmail.com
Antzerkigileak eta publikoa elkarrengandik gerturatzeko ahalegina da berrikuntza hau.
Antolatzaileek adierazi dute Eztena jaialdia Euskal Herriko arte eszenikoen elkargune izatea nahi dutela, harremanak saretu eta elkarren proiektu eta lanak ezagutzeko topaketa.
Horretaz gain, eduki berritzaileei ateak ireki nahi dizkiete, forma dramaturgiko anitzen erakusleiho izan dadin jaialdia. Publikoaren parte-hartzea bultzatuz, antolatzaileek atzerkizaletasuna zabaltzea dute helburu.