argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ezta nahi gabe ere

Uxue Apaolaza Larrea 2023ko abuztuaren 28a

Ahozabalik ikusi dut espektakulua, eta amorrua, berriro, errepikatu zait. Berriro, gizon bat, nahi gabe bezala, bere azpiratutxoak gure lekura bueltatzen. Gehi beste amorru bat: nola iristen dira tipo hauek dauden lekura. Nola dago hainbeste idiota, gizon, agintaritza postuetan. Elkar ulertzen dute. Baina oraingoan guretzat behar zuen ohartarazpen publikoak efektua zuen, eta kopetan eman dio, boomerang batek nola. Agian, azkenean, Rubialesek mesede bat egin digu.

Ahal zuelako egin du, hala egiten dute, baina, oraingoan, ez dugu guk esplikatu behar izan joanzenetaeginzuenetaesanzionetagero… Dena bistan egin dio/digu, egin diote/digute: telebisatuta ikusi dugu erasoa pasatzen uzten ez denean gertatzen denaren sekuentzia. Ezagutzen zenuten, baietz? Erasoa txantxa bihurtu, bizkarrekoak elkarri, neskak histerika samar dirudite, tira, barkamentxo bat, ez dira horrekin ere konformatu, beraz, berriro paketea esku artean jarri eta ehizak, eta nik nolak, eta bera zer, eta gizonei abisatu, kontua zuena ere bada, begira nola jartzen ari diren, edonor hondoratuko dute histerika hauek, ea ni bezalako tontoek nola izango dituzten bestela halako soldatak. Biktimaren kontra jo. Eta histerikek histeria kutsatzea lortu dutenez, inguru instituzional/mediatikoa ere zoro moduan: isildu, barre egin, serio jarri, berriro barre, oso serio jarri, imintzio itxuratiak egin, “hau eskandalua, hemen apustuak egiten dira!”.

Jennifer Hermosok ezin izan du erabaki berak jasandako erasoarekin zer egin ere. Ezin izan du erabaki salatuko duen edo ez; ezin izan du erabaki ez bere esfortzuaren garaipenez gozatzea eta kitto, ez garaipen horien ondoan bera baino askoz idiotagoa den tirano baten izena betiko ez jartzea. Orain beste ikuskizun bat dator, edo isiltasun bat, biktimak ordaintzen duen prezioa erasotzailea zigortzen denean ere, edo zigortzen denean batez ere. Ez da egia, beraz; ez zegoen mesederik. Ez diguzue inoiz mesede txikienik ere egiten. Ezta nahi gabe ere.