argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak
  • Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.

Haritz Pascual Garjon Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko irailaren 26a

Eguerdian El País egunkariak aditzera eman duenez, Nafarroako Auzitegiak aintzat hartu ditu erasoa egitea leporatuta atxilotutakoen defentsak planteatutako errekurtsoa. Epaiaren esanetan, ez dago bertan izan zirela frogatzerik. Soilik bere DNA aztarnak tabernako txikizioan azaldu ziren kidearen kontra mantenduko du irekita prozesua. Beste guztiak aske geratuko dira, egun horretan Iruñean ziren arren, instrukzioak ez duelako frogatu Ezpalan izan zirenik.

2022ko azaroaren 8an, Osasuna eta FC Barcelonaren arteko futbol partidaren aurretik, Osasunako zaleak biltzen diren tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko kideek. Eraso bortitz eta azkarra izan zen, barrura sartu, topatzen zutena txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten. Horietako bi ospitalera eraman behar izan zituzten. Iturramako bizilagunek erasoa salatu zuten manifestazio jendetsuan eta hainbatetan eskuin mutur eta indar polizialen jomugan izan den Ezpala taberna herrikoiaren alde egin zuten.