argia.eus
INPRIMATU
Ezkutuko genero indarkeria azaleratzeko beharra nabarmendu dute adituek
  • Nazioarteko aditu asko Oñatin dira egunotan genero indarkeria aztertzen. Atzo hasi ziren jardunaldiak erakundeetako ordezkarien hitzaldiekin, eta bihar arte jarraituko dute, goiz eta arratsalde. Genero indarkeria elkarguneak izenburuaren pean, Oñatiko unibertsitate zaharrean izango dira hitzaldi gehienak.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko uztailaren 11
Prostituzioan aritzen direnen eta gizonen indarkeria jasaten dutenen egoerak gisa berekoak dira. Argazkia: Berria.info

Oñatira joan diren profesionalek urteak daramatzate indarkeria mota hori lantzen eta aurrerapausoak eman direla diote. Legeak egin dira hori borrokatzeko eta arazoak oihartzuna badu hedabideetan, baina adituentzat ez da nahikoa. Indarkeria horri era zabalagoan begiratu eta aurre egin behar zaiola esan dute.

Gizarteak arazo horri buruz daukan jarrera isila eta urruntasunarekin amaitu behar dela adierazi dute. Berriako Garikoitz Goikoetxeak hainbat adituren iritziak bildu ditu, tartean, Manuel Calvo Garcia, Zaragozako unibertsitateko irakaslearenak, bere esanetan “Maiz  irakurtzen dugu batez ere etorkinen arazoa dela, eta ez da ahala. Aurre egiteko zailtasun gehiago dute haiek”.

Gizarteak eta legeek genero problematika honen inguruan oraindik oso ikuspegi itxia dutela aipatu dute mintegietara bertaratu direnek. Adituen arabera oraindik genero indarkeria bikote harremanetan sortzen den indarkeriarekin lotzen du gizartearen gehiengoak. Indarkeria bikoteetatik haratago doala salatu dute eta emakumeen salerosketa eta prostituzioa ere genero indarkeriatzat hartzea eskatu dute.

Emakumeen salerosketa aztergai hartu duten hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Harretarako ofizinaren zuzendaria den Mariola Serrano aritu da hizlari. Emakumeen salerosketen fenomenoa ezkutuan dagoen indarkeria bat dela esan du, “Ikusezin dago, eta ez da egiten sentsibilizazioarik eta emakume horiek babesteko politikarik”. Salerosten dituzten emakumeak genero indarkeriaren biktimatzat jo behar direla esan du eta arazo hori konpontzeko prostituzioaren arazoa bideratu behar dela.

Prostituzioaren arazoa izango da genero indarkeriaren barruan sartu eta soluzioa eman beharreko beste praktika bat. Oñatin bildutako aditu askoren ustez, prostituzioan aritzen direnen eta gizonen indarkeria jasaten dutenen egoerak gisa berekoak dira. Gizonek kontrola eta agintea dute haiekiko eta emakumeak maiz jazarriak izaten dira. Prostitutak babesteko lege bat beharrezkotzat jotzen dute.