argia.eus
INPRIMATU
Ezkutuko ehiza Artikutzan “bereziki merke” ateratzen dela salatu du Eguzkik
  • Talde ekologistak arau hauste larrien 17/2005 foru legea martxan jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, baita zigor ekonomikoen zenbatekoa igotzeko ere, "eredugarria" izan dadin.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko urtarrilaren 03a
Artikutzan atzeman dituzten hiru ehiztariri aurreikusitako isunik txikiena ezarri izanaz kexatu da Eguzki.

Artikutzan (Goizueta) isilpean ehizan aritzea "bereziki merke" ateratzen dela salatu du Eguzki talde ekologistak: hiru ehiztariri guztira 3.507 euroko isuna jarri berri diete: 1.002na eurokoa, biri; eta 1.503 eurokoa, lur orotako ibilgailua gidatzen zuenari.

Oiartzuarrak ziren harrapatutako hiru ehiztariak eta legez kanpoko armak zerabiltzaten. Nafarroako Foruzaingoak eta basozainek elkarlanean egindako talde bati esker atzeman zituzten.

Zigor handiagoen eskean

Eguzkik, baina, Nafarroako Gobernua bera salaketan parte hartzeko nahi zuen, eta Exekutiboak uko egin zion aukera horri, isunen aldeko hautua eginez.

Gauzak horrela, talde ekologistak arau hauste larrien 17/2005 foru legea martxan jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, baita zigor ekonomikoen zenbatekoa igotzeko, "eredugarria" izan dadin.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra