argia.eus
INPRIMATU
Ezkutuan zen Irati Mujika atxilotu du polizia espainiarrak
  • Gazte independentisten auzian egonagatik, epaitegian ez agertzea erabaki eta ezkutatuta zegoen Irati Mujika. Ostegun arratsaldean jakinarazi dute poliziak atxilotu duela Aramaion (Araba).

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 09a
Irati Mujika (Arg: Mondraberri)

Mondraberri guneak jakitera eman duenez, atzoko operazioa salatzeko manifestazioan eman dute jakitera Irati Mujika atxilotu duela kalez jantzita zihoan polizia espainiarrak "orain dela gutxi" Aramaion.

Epaiketari uko

Lau gaztek uko egin zioten Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeari. Goizane Pinedo, Unai Ruiz eta Idoya Iragorri dira oraindik ezkutuan dauden beste hiruak. 40 gazteren aurkako sumarioa da eta Segi gazte erakundeko kide izana leporatzen diete. 30ek torturak salatu zituzten inkomunikazio ostean.

Atxiloketa Bilboko manifestaziorako hiru egun falta direnean eta atzoko 8 atxiloketen osteko testuinguruan egin dute.

Atxilotu aurretik grabatutako bideoa

Herri harresiko kideek sarean zabaldu dute Irati Mujikak bere etxean bertan gabonen ostean grabatutako bideoa. Bertan babesa eman dioten guztiei eskerrak eman dizkie, eta ezkutuan dauden gainontzeko hiru kideei indarrak bidaltzen dizkie.

Sare sozialetan mugimendua eragin du eta #StopArrestingBasques etiketa proposatu dute: euskaldunak atxilotzeari utzi.