argia.eus
INPRIMATU
Ezkutuan diren gazteek ehunka herritarren babesa jaso dute Durangon
  • Segiren kontrako epaiketara aurkeztu ez zirenetik ezkutuan dauden lau gazteen eta gainerako auziperatuen deialdiari erantzunez ehunka lagunek hartu zuten parte atzo Durangoko kaleetan barna egin zen martxa desobedientean. 

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 09a
Maskarekin mozorrotuta eta kamiseta laranjak soinean ehunka lagunek babesa adierazi zieten ezkutuan dauden lau gazteei

Maskaraz estalita eta kamiseta laranjak soinean herritar askok babesa eman zieten Madrilgo Auzitegi Nazionalera deklaratzera joateari uko egin zioten Irati Mujika, Idoya Iragorri, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazteei.

Igande eguerdian, eguzkia lagun, Durangoko Landako gunetik kalejira alaia abiatu zen. Elektrotxaranga baten musikak girotutako martxak alde zaharreko kaleak zeharkatu zituen eta horren ostean ekitaldia egin zen.

Ezkutuan diren lau gazteak publikoki agertu eta berriz desagertzen ibili dira azken bi hilabeteetan. Horietatik bi, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz, Durangoko Azokan izan ziren atzo goizean hainbat lagunez inguraturik. Atzoko egunkaria eskuan zutela bideoa grabatu zuten, haien hautua berretsi, herritarren babesa eskertu eta gatazkaren konponbiderako bidean jendearen konpromisoa ezinbestekoa dela azpimarratuz.

Martxaren osteko ekitaldian Pinedo eta Ruizen grabaketa jarri zuten jendearen txalo artean. Amaitzeko, auzipetutako gainontzeko gazteek hartu zuten hitza, eta epaiketa politikoekin amaitzeko lanean jarraitzeko beharra eta elkartasunetik konpromisora eman beharreko urratsa aldarrikatu zuten.

Azken horiek Madrilen dira berriz ere, gaurtik asteazkena bitarte epaiketaren hurrengo saioa egiten ari delako.