argia.eus
INPRIMATU
Ezkurrak animaliontzako elikagai
  • Guretzako ezkur mota guztiak jangarriak dira, denetan gozoena artearena omen da: arte-ezkurra edo artazia.

Jakoba Errekondo 2020ko urriaren 30a
Artearen ezkurra edo artazia.

Onddo-debekurik ez den tokietan biltzaile eta harrapakari jendea erruz ibili da mendian lehengo ilargialdian. Ezkurra den tokian ibiltzen da onddozalea. Onddotarako lurralde aproposak dira ezkurrak ematen dituzten zuhaitzen sustraiek kolonizatu eta arakatzen dituzten sailak. Berdin da ametza (Quercus pyrenaica), artea (Quercus ilex), artelatza (Quercus suber), haritz kanduduna (Quercus robur), haritz kandugabea (Quercus petraea), haritz amerikarra (Quercus rubra), erkametza (Quercus faginea), abaritza (Quercus coccinea) edo pagoa (Fagus sylvatica).

Euskal Herrian bi paisaia kultural nabarmen desberdin ditugu. Faktore ekologiko nagusien arabera, zuhaitz eta arbola desberdinen fruituak gehiago edo gutxiago azalduko dira bakoitzean. Horrek kultura eta historia irartzen ditu, bakoitzean berea. Bata, isurialde atlantikokoa, hurra (Corylus avellana), sagarra (Malus domestica), gaztaina (Castanea sativa) eta pagatxa (Fagus sylvatica) janez bizi eta jantzi da. Bestea, isurialde mediterraneokoa, aldiz, pinazia (Pinus spp.), mahatsa (Vitis vinifera), oliba (Olea europaea) eta pikua (Ficus carica) janez. Hala ere bietan jan izan da ezkurra, Quercus generokoen ezkurra, alegia. Bi isurialdeetan badira genero horretako espezieak. Denen ezkurrak jangarriak dira, eta urtero uzta ederra sortzen dute. Pertsonak bezala azienda elikatzeko erabili izan dira ezkurrak. Udazkena eta negua motzago eta beroago egingo zituzten ezkurrek. Irailean heltzen da erkametzarena; hori da lehena, eta azkena otsail aldera erortzen den artelatzarena.

Jangintza honen inguruan lan polita argitaratua du Enrique Garcia Gomez baso ingeniari teknikoak. Bere aburuz, genero horretako ezkurrak oso aberatsak dira osagai hauetan: koipeak –batez ere asegabeak–, karbohidratoak eta mineralak. Badute, baina, bestelakotik ere: toxinak. Ezkurrari kosk egin eta aho sabaiak di-da igarriko duen mikaztasun hori da bere ezaugarria, taninoek eta glukosidoek ematen diotena.

Guretzako ezkur mota guztiak jangarriak dira, denetan gozoena artearena omen da: arte-ezkurra edo artazia. Arteetan bi azpi-espezie ditugu, isurialde atlantikoan Quercus ilex subsp. ilex eta mediterraneoan Quercus ilex subsp. ballota. Bigarrena omen da gozoena, preziatuena izan dena. Ballota hori arabiarretik dator, eta “artea” esan nahi du. Ezkur gozo horri Uxuen “ancina” esaten diotela jasoa du Mikel Burgik. Baita XX. mendeko 60ko hamarkada arte jaten zutela ere.

Era askotara jan izan dira, gordinik edo gehienbat mingostasuna kenduta: ez lehertzeko koskatu eta erreta, egosita, kafearen tankeran eta eho ondoren ogi eginda. Daniel Maria Perez Altamira etnobotanikariak jasoa du ezkur gordina jateak haritzaren indarra pertsonari transferitzeko helburu sendagarri eta magikoa zuela.

Bueltan dator ezkurra elikagai gisa. Garia edo ogia barra-barra zuten erromatarrek eta haien ore bereko opila izan direnek janari primitibotzat edo landugabetzat jotzen zuten; mespretxuz iraintzen zuten, pertsonentzat ez omen zela egokia zioten, bai ordea animalientzat. Eta beraiek zer zirela uste ote zuten? Eta beste galdera bat, bukatzeko: nola esan behar diegu ezkur edo fruitu jangarri emaileei, zuhaitz ala arbola?