argia.eus
INPRIMATU
Ezkio eta Itsaso bereizteko foru dekretua baliogabetu du Auzitegi Gorenak
  • Udalerri berriak gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituela gogoratu du. 2015eko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, 148 biztanle zituen Itsasok.

Goierriko Hitza @goierriHitza 2020ko uztailaren 24a
Bereizteko kontsulta egin zuten eguneko irudia. / Goierriko Hitza

Auzitegi Goreneko III. salak baliogabetu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren abenduaren 20ko 27/2016 Foru Dekretua. Hain zuzen ere, Itsaso Ezkio-Itsasoko udalerritik bereiztea eta udalerri independente gisa eratzea onartu zuen dekretua.

Gorenak aintzat hartu du Estatuko Administrazio Orokorraren errekurtsoa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean ezarritako baldintza ez dela betetzen: udalerri berriak gutxienez 5.000 biztanle izatea; izan ere, 2015eko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, 148 biztanle zituen.

Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2017ko abenduaren 29ko epaia, Estatuko Administrazio Orokorraren errekurtsoa onartu ez zuena, foru-dekretua aurkaratzeko legitimazio prozesalik ez zuela iritzita.

Aitzitik, Auzitegi Gorenak uste du Estatuko Administrazio Orokorrak legitimazio aktiboa duela errekurtsoa jartzeko, eta, funtsari dagokionez, gogorarazten du, beste baldintza batzuen artean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 13.2 artikuluak honako hau xedatzen duela: “Udalerri berriak sortzeko, lurraldeka bereizitako biztanleguneak hartu ahal izango dira oinarritzat, gutxienez 5.000 biztanle dituztenak, eta, betiere, sortzen diren udalerriak finantzarioki jasangarriak badira, udal-eskumenak betetzeko baliabide nahikoak badituzte eta ordura arte ematen ziren zerbitzuen kalitatea murrizten ez badute”.

Epai injustua

Gorka Sasieta Itsasoko udal batzordeburuak epaia "injustutzat" jo du, ez duelako «aldundiaren eskumena» errespetatzen. Bizpahiru hilabete izango dituzte Ezkioko Udalarekin eta aldundiarekin eskenatoki berri bat proposatzeko: "Esan digute irailean jakinaraziko digutela ofizialki epaia, eta orduan hiru bat hilabeteko trantsizio epea izango dugu". Elkarlanean ariko dira zein antolaketa modu sortu dezaketen adosteko: "Auzo-udal bat sortzea izan liteke aukera bat, Itziarren edo Ereñozun ere daukaten bezala, baina hori ikusteko dago". Sasietak esan du hiru erakundeek lanketa hori adosteko "konpromisoa" hartu dutela dagoeneko.