argia.eus
INPRIMATU
Ezkilak jotzearen isuna atzera botatzeko eskatu diote Altsasu Faxismoaren Kontrakoek Gobernuari
  • Mozal Legearen aurka azaldu zen gobernuak orain legea aplikatu nahi izatea salatu dute Altsasu Faxismoaren Kontra ekimeneko kideek. “Koherentzia” eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta faxismoaren aurkako borrokarekin jarraituko dutela ere jakinarazi dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 12a
Prentsaurrekoaren une bat / Argazkia: @hitzondo

“Errepikenak izan ez diren arren, Espainia osoan entzun dira gure ezkilak”, esan zuten larunbatean Altsasuko plazan egindako prentsaurrekoan. Eliza eta herriko parroko berria ere errugabetu zituzten: “Noski ez dela elizaren kontua izan, ezkilak ez batira elizarenak, altsasuarronak dira”.

Ezkiljole antifaxistei elkartasuna adierazteaz gain, Nafarroako Gobernuak ezarri nahi dituen isunei buruz ere hitz egin zuten. Bertan behera uzteko eskatu zuten. Antza, “azaroaren 4ko probokazio faxista gaitzetsi eta Mozal Legearen aurka azaldu zen gobernua, prest dago altsasuar batzuei legea aplikatu eta bizia izorratzeko”, zioten ekimeneko kideek. “Koherentzia” eskatu zioten gobernuari.