argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Polizia Nazionaleko buruak kargua utzi du
  • Daniel Rodríguez Nafarroako Polizia Nazionaleko buruak kargua utzi du. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak adierazi du polizia buru ohia bihar kargugabetzekotan zirela. Eldiario.es-ek atzo gauean jakitera eman zuenez, besteak beste, Antonio Tejero eta Santiago Abascal goraipatu, eta Gabriel Rufián eta Ada Colau iraindu izan ditu ofizialak Twitter bidez. Hori guztia, berak kontua “kudeatu” gabe eta bere ofizioan “zerikusirik” eta “eraginik” izan gabe.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko urriaren 23a
Argazkia: Noticias de Navarra

Daniel Rodríguez 2012tik da Nafarroako Polizia Nazionaleko burua, Mariano Rajoy hauteskundeetan gailendu zenetik. 2016ko ekainean ireki zuen kontua “Daniel” izenarekin (@polientes1612), baina beti pribatu moduan eduki izan du; hots, jarduerak bere jarraitzaileek baino ez zitzaketen ikusi. 2017ko azaroan hasi zen lehen txioak idazten eta berehala, “bertxio polemikoetatik” txio iraingarrietara pasatu zen.

Eldiario.es-ek adierazi zuenez, albistea publikatu aurretik Rodríguezekin hizketaldia izan zuten. Bertsio “kontraesangarriak” azaldu zituela esan zuen komunikabideak, hasiera batean kontua bere anaiak kudeatzen zuela esan baitzuen baina gero bere emazteak. Baina inolaz ere ez berak, kontua bere mugikor ofizialera lotuta izan eta bere izena daraman arren. Bestalde, gaineratu zuen bere bizitza pribatuan egiten duenak ez duela ez “zerikusirik” ezta “eraginik” ere bere ofizioan.