argia.eus
INPRIMATU
Eskuinarekin osatu nahi du gehiengoa Macronek, ezkerraren garaipenaren gainetik pasaz
  • Ezkerrekoa beharko lukete Frantziako Lehen ministroak eta bere gobernuak, jakinik Fronte Herritar Berria garaile atera dela Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Baina, ezkerraren garaipenaren gainetik pasaz, bestelako gehiengo bat osatu nahian dabil Emmanuel Macron presidentea, ondotik horren araberako Lehen ministro bat izendatzeko asmoz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 11
Emmanuel Macron.

Ezkerreko Fronte Herritar Berriaren barruan zabaldutako pozari lekua hartzen ari zaio kexua. Uztailaren 7an garaile atera bada ere, garaipen horri ez dio zor zaion aitorpena eman nahi Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Egunez egun, geroz eta argiagoa da gobernuan beharko lukeen ezkerra baztertzeko jarrera. Azkenik, isiltasunetik atera eta "frantsesei bidalitako gutun" baten bidez zabaldu du bere postura uztailaren 10ean: "Inork ez du irabazi" Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta "soilik indar errepublikarren artean osatu daiteke gehiengo osoa". Argi da: ezkerreko FHB Fronte Herritar Berriaren garaipena ez du ezagutzen, eta ezkerraren gehiengoari bizkarra erakutsita, bestelako gehiengo bat osatzekoa du Macronek. "Frantsesek fronte errepublikarraren alde bozkatu dute, eta nahi hori gauzatu behar dute alderdi politikoek", presidentearen arabera.

Aitzineko egunetako adierazpenei segi, nahiko argi da "indar errepublikarren" barruan sartzen dituela ezker muturreko LFI Frantzia Intsumisoa eta eskuin muturreko RN Batasun Nazionala izan ezik, beste guziak. Baina LFI alderdia Fronte Herritar Berriaren barnean doa –honek ditu, gainera, frontean diputatu gehien–, eta ezkerrak ez luke zatiketa hori onartu beharko.

Macronen beste aukera da eskuineko Errepublikarrak alderdikoekin osatzea gehiengoa, 213 diputatu dituen taldea lortuta –eta beraz, FHBk dituen 182 diputatuak baino gehiagorekin–. Errepublikarrak taldearen Senatuko presidente Gérard Larcher-ek ere argi utzi du ez duela FHBrekin gobernurik onartuko. Gehiengo hori osatu bitartean, gaur egungo gobernuak aitzina eginen duela argi utzi du Macronek.

Garaile atera da FHB Fronte Herritar Berria legebiltzarrerako hauteskundeetan eta 182 diputaturekin lehen indarra da. Gobernuak hirugarren kokaturiko eskuin muturreko RN alderdiarekilako zer nolako estrategia duen ez da argi. Ofizialki, eskuin muturrari bidea mozteko mezua zabaltzen dabil Macronen ingurua, baina errealitatean, elkarrekin bilera sekretuak egiten dabiltza eta hori gutienez abenduaz geroztik. Horren berri eman du Libération egunkariak uztailaren 10ean.

Nahiz eta Frantziako Konstituzioak ez dioen formalki hori horrela izan behar denik, Lehen ministroaren kargua bideratu ohi zaio legebiltzarrean gehiengoa duenari. Gutunean, ordea, nabari da tradizio horretaz bereizteko asmoa duela Macronek, eta osatuko duen gehiengoaren araberako Lehen ministroa izendatuko duela.

Ezkerraren erantzuna: batasuna eta protesta mehatxuak

Ezkerraren batasuna aitzina eramateko konpromisoa berresten dabiltza ezkerreko alderdiak. Tartean, sozialdemokratena den Alderdi Sozialista ere: "Ezkerraren batasunaren aldeko hautua egin dut Alderdi Sozialistako idazkari naizenetik, eta ez dut posturaz aldatuko. Ezkerraren zatiketa bilatzen dutenek ezkerrak ez gobernatzea dute bilatzen", Olivier Fauren hitzetan. LFIko Jean-Luc Melenchonek ondoko irakurketa egin du: "Sufragio unibertsalaren gainetik pasata, erregearen beto eskubidearen itzulera dugu".

Macronek jarrera horretan segituz gero, protesten bidez erantzunen diote herritarrek. CGT sindikatuak elkarretaratzeetara deitu du uztailaren 18rako, "bozketen emaitzen errespetua" eta FHBren gobernua eskatzeko. Prefekturen aitzinean eta Legebiltzarretik hurbil elkartzeko deia luzatu du. Uztailaren 26an hastekoak dira Olinpiar Jokoak Parisen eta testuinguru horretan protesten mehatxuak eragina izan dezake.

FHBk ondoko egunetan jakinaraziko du zein duen Lehen ministrorako ordezkaria. FHBren partetik ez da ofizialki izenik atera, baina hainbat izen zabaldu dira azken egunetan –Olivier Faure sozialista, LFIko Clemence Guetté, Marine Tondelier ekologista, LFItik bereizi berri diren Clementine Autain edo François Ruffin.