Azken aginte egunetan Enrique Mayak Iruñeko Gurutze plazako lur azpiko aparkalekuaren lanak adjudikatu ditu, eta eraikuntza lanak udan hasiko dira. Eraiste lanak ere bai, besteak beste, plazari arnasa ematen dioten zuhaitz ederrak botako dituztelako. Noiz eta haien itzala eta C02 xurgatzea inoiz baino beharrezkoagoak direnean. Zertarako eta 340 autori lur azpiko etxea emateko.
Desarrollismoaren adibide bat gehiago da, baina garaiak larritzen du erabakia, besteak beste epe ertainera auto kopurua ez delako arazoa izango hirietan: gero eta gutxiago ekoizten dira, gero eta auto berri gutxiago saltzen dira, eta auto elektrikoak ezingo du inoiz ordezkatu egungo auto kopurua. Espainiako DGT Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, 2021eko amaieran estatuan 24,96 milioi auto zeuden, eta horietatik elektrikoak bakarrik 79.000. Erabat ezinezkoa da hamabi urtetan kopuru horretara iristea. Malgutasunak malgutasun, kotxe fosilak egiteko 2035eko muga hortxe bueltan dago.
UPN izan ezik, Iruñeko udal oposizioa osorik proiektu horren kontra dago. Baina PSNrengatik egin egingo da, eta berdin horrela beste hamaika proiekturekin. Dena PSNk EH Bilduri jarritako betoagatik. Askok uste du txanpon berarekin ordaindu beharko liokeela PSNri Nafarroako Gobernuan. Jakina, corralitoa-ren garaiak amets, aukera horrek ezer gutxik moduan kitzikatzen du UPNko buruzagi Javier Esparza, eta ezker abertzalea ere aspalditik ari da eraikuntza hura higatzen, orain amore emateko moduan. Orduan? Oraingoz abstentzioa irentsi beharko dute ostera ere EH Bilduko parlamentariek, María Chiviteren gobernuari bide emanez. Baina noiz arte?
Boto bilketan emankorra izaten ari zaio orain arteko estrategia EH Bilduri, zalantzarik ez, gutxi-gehiago Hego Euskal Herri ia osoan gainera. Baina, irabazita ere, EAJren, PSOEren eta PPren blokea askoz indartsuagoa da, ikusi zen Gipuzkoa gobernatu zuenean 2011-2015ean, eta ikusten da orain ere. Horrek pragmatismoan sakontzera bultzatzen du gehiengo zabalagoen bila, baina bere fronte zabalean ezker federalista osoa bilduta ere ezin.
Beraz, nola jarraitu bidean zabaltzen eta handitzen, bide horren lausotzeak egungo sistemaren zulo beltzak gupida gabe eta goxo-goxo irentsi gabe? Ezkerra zeruetara gerturatzean bizi duen trauma da hori. Pentsatzekoa da 3.000 boto gehiago lortu izan balitu Joseba Asiron Iruñeko alkate litzatekeela. Orduan, datorren irailean Gurutze plazako zuhaitzak zutik leudeke oraindik, eta alkateak eta Laura Aznalek haien gerizpe goxoan hausnartu ahal izango zuketen dilemaz.
Edozein kasutan, orain eta hemen ez dirudi ezkerraren dilema historikoak aterabide samurra duenik. Datozkigun desazkunde garaien eta eskuin muturraren bultzaden bueltan askatu beharko da korapiloa, baina batek daki noren alde. Eta horretan, instituzioak bezain erabakigarriak izango dira kalearen eta lanaren munduak, bestela zulo beltzak berriz ere irentsiko gaitu.