Hauteskunde aintzineko aburu ikerketek, bata bestearen ondotik, frantses ezkerraren ahulezia erakusten dute. Nolaz bada oraino ez hain aspaldi boterean zen ezkerrak bere arrakasta eta eragina galdu ditu? Hainbat arrazoin: klase popularrekilako lotura hautsia, eskuin muturreko erantzun sinplisten arrakasta eta abar. Bada lan langileria berriz ezkerrerat bihurrarazteko.
Frantziako lehendakaritzarako hauteskundea hurbiltzen ari delarik, aditu guziak erabat ados dira erraiteko ezkerra edo hobekiago erran ezker ezberdinak zuzenean porroterat doatzila.
Nola mila deabru gisa horretako peko errekarat heldu ote dira?
Sekulan baino fragmentatuagoa kausitzen da ezkerra frantses estatuan eta ondorioz ez da batere botererat heltzeko dinamika baikorrik agertzen. Ondorioz ezkerreko hautagai bakoitza bere prediku eta musika propioa ari da entzunarazten, desakordioak nabarmenki plazaratuz eta kalapitak biderkatuz.
Dudarik ez da egiazko desadostasun taktiko eta estrategikoak badirela ezkerreko hautagai guzi horien artean: izan laikotasunaz, Europaz edo nuklearraz adibidez.
Bosgarren Errepublikaren konstituzioak aintzin ikusia den porrot hori gainera haundiagotzen baizik ez du. Alabainan hauteskunde horien irabaztea ezinezkoa dela barneratuz, bakoitzak soilik buruan dauka ahalik eta emaitza “hoberena” egitea, ondotik etorriko diren legislatiboetan ustez eginahala ontsa posizionatua izaiteko.
Har dezagun adibidez La France Insoumise (LFI) et Alderdi Komunistaren arteko harremana. 2012 eta 2017ko hauteskundeetan bi indarrek bat egin zuten Melenchon hautagaiaren ildotik. Aurten komunistak beren aldetik doaz uste dutelakotz bi esperientzia horiek gaizki utzi dituztela, aitzakitzat emanez Legebiltzarreko bi hautskundeetan LFIk ez zituela errespetatu bigarren itzulietako akordioak. LFIk nahi ukan omen zituen hainbat zirkonskripzio sudur petik PCFri ebatsi, konkurentzia desleial bat bultzatuz.
Militantzia galdu
Hainbat urteren buruan, erran ote litaike ezker ezberdinek hautesle herrikoia edo popularra galdu egin dutela erabat ? Estatistika ezberdinek behintzat baietz diote. Parte handi batean galdu egin lukete bozkatzale “mota” hori. Langileriak gaur egun ez omen du gehiago eta gehiengo handiz ezker bozkatzen. Funtsean kategoria jakin hortan kokatzen omen dira abstentzionista zenbaki handienak eta beste batzuk aldiz molde asumituan eskuin eta berdin eskuin muturrerat lerratuak direlarik. Ikusten da adibidez aurtengo hauteskunde kari, Fabien Roussel komunista hautagaia ari zaiola bere moldean hautesle popular horri mintzatu nahian, berreskuratzeko asmoz. Egia da agian azken hamarkada honetan frantses ezkerrean gertatu diren debateak usu jendarte edo gizarte gaietan fokalizatu direla, oro har ezkerreko soziologia baten eboluzioari lotuak. Nolabait ezkerreko sektoreen premia balitz bezala bere xilkoari so egitea lehenik eta behin. Hortan guzian bere energia ainitz xahutzearekin batean, ezkerrek ez lukete soilik galdu beren hauteslegoaren parte handi bat baina baita beren oinarri herrikoi militantea ere. Alderdi komunistaren adibidea aski adierazgarria da: duela 30 edo 40 urte hiri handi edo ertainetan alderdi horrek lerrokatzen eta mobilizatzen ahal zituen milaka ez erraiteko hamar milaka militante kartier edo auzo ezberdinetan. Gaur egun doi bat gelditzen zaizkio baina zonbat eta zonbat galdu ote ditu?
"Hainbat urteren buruan, erran ote litaike ezker ezberdinek hautesle herrikoia edo popularra galdu egin dutela erabat? Estatistika ezberdinek behintzat baietz diote"
Klase popularren berreskuratzearen premia
Ohitura ezberdina izanikan ere, ezaugarri berdintsuekin koka ditaike frantses alderdi sozialista ere. Ideologikoki nolabait iparra galdurik eta 2017tik goiti Macronek xurgatua, bera ohartu gabe ere.
Klase popularren osaketa eta ezaugarriak arrunt aldatu dira. Lantegi handietan, non duela 40 urte oraindik langileak milaka kontatzen ziren, langile soilen kopuruak mendratu dira, sindikatuen presentzia eta langile sindikalisten kopurua ere beheitituz joan delarik.
Agian azken hamarkadetan aldatu ez den parametroa da frantses estadoan oraindik milioika jende egunerokoan arras gutirekin eta soldata arrunt apalekin bizi direla, nahiz eta lan bat ukan egunerokoan.
Gaur egungo ezkerrak edo ezkerrek ba ote dakite mintzatzen jende klase horri? Entzungarriak ote dira? Horiek hola, Frantzian gaur egun ezker mota guziak lerrokaturik ere, ez dira %25a baino gorago heltzen. Erronka guti, arras guti beraz aldi honetan.
Parrean, Macron, eskuina eta eskuin muturra(k) % 75etan! Frantses ezkerra berriz eraikitzeko da beraz.
Klase herrikoi popularrak berreskuratu, gaur egungo munduko desafio “berrieri” egokitutako antolakunde edo alderdi politiko berdefinituak moldatu, klase popularren osaketa sozialaren aldaketak kontuan hartuz, desafio ekologikoak egiazki barneratuz dute bide berria urratuko. Patar zuta hatsantu gabe iragan beharko du, egitarau eta proposamen alternatiboak, batasunezkoak eta erreforma egingarrien bidez gehiengo berri bati jasangarriak izango direnak.
Ez dakit klase borrokak, zentzu primarioan beti ba ote duen funtsik, segu naiz haatik ezkerraren desafio nagusienetarik bat izanen dela bere oinarria eta bere diskurtsoa zentratzea produkzio aberastasunaren partekatze printzipioen inguruan. Egiazko partekatze printzipio hori izan litaike XXIgarren mendeko klase borroka baten adierazle “modernizatu” bat, agian.