Urtebete baino gutxiagoan Sestaoko La Naval ontziolaren aldeko bigarren martxa egin dute Ezkerraldeko bizilagunek. Enpresari lan karga eman dezaiotela eskatu dute langileek, martxoan entregatuko baitute oraingoz eskatu zaien azkeneko ontzia.
Hilabeteak dira lehenengo abisua eman zutela, baina "ez da ezer aldatu". Datorren hilean azkeneko ontzia amaituta, Sestaoko ontziolan "ez da beste egitekorik egongo".
“Datorren astean eraikitzen ari garen azken itsasontzia entregatuko dugu, eta ez dago agendan enkargu berririk”, baieztatzen du langileetako batek. “Egoera larria da, zortzi EEE eduki ditugu azken lau urteetan” azaldu dio beharginak Herrikolore webguneari.
Ontziolak, lantegiaren momentu gorenenean, 4.000 lanpostu zuzen eta 12.000 zeharkako eskaini izan zituen.
Ezkerraldeko industrializazioaren sinbolo historiko izan den ontziolako langileek konponbide eraginkorrak exijitu dituzte, eta instituzioak aktiboki inplikatu daitezela eskatu dute.
“La Naval beti izan da etorkizundun ontziola, Ezkerralderako lana sortu izan duena, eta horrela izaten jarraitu dezan lan karga ematea ezinbestekoa da” baieztatu du ontziolako bozeramaileetako batek.
Sestaoko ontziolatik Santurtziraino iritsi den martxan, eskualdeko udal guztietako ordezkarien babesa eta parte hartzea izan dute La Navaleko Langileek.
Amagoia Bereziartua Sestaoko EH Bilduko zinegotziari elkarrizketa egin diote Info7-ko Kalegorrian saioan. Bereziartuak La Navalen egoera “lazgarria” dela esan du. Elkarrizketa osoa hemen entzungai.