Euskarari "gutxienez" gaztelera ez diren gainontzeko hizkuntzen balio bera aitortuko diola adierazi eta Arartekoak irailean egin zion gomendioa orain beteko duela ziurtatu du Ezkerrak.
Tuterako (Nafarroa) udal lanpostu publikoetarako lehiaketetan euskara aintzat hartzeko konpromisoa hartu du Ezkerrak. "Nafarroako Arartekoak gure errespetu osoa merezi du", adierazi du alderdiak ohar batean.
Udalak deialdi publiko bat egin zuen iazko maiatzean, Udaltzaingoko inspektoreorde kargurako. Ingelesa, gaztelera edo alemana jakiteak bost puntuko balioa izan zuen. Euskararen ezagutzak, aldiz, zero puntutakoa.
Administrazioan Euskaraz taldeko ordezkari Joseba Otanok Nafarroako Arartekora jo zuen, “euskararen ezagutza atzerriko hizkuntzak jakitea baino gutxiago” baloratzen zela argudiatuz. Francisco Javier Eneriz arartekoak, euskara jakitea atzerriko hizkuntzak jakitea baino gutxiago ez baloratzeko eskatu zion Eneko Larrarte alkateari.
Arartekoaren oharra jaso zuenean, euskararen ezagutza baloratzea derrigorrezkoa ez zela erantzun zuen Larrartek.
Orain, jarrera aldatu du Ezkerrak. "Nafarroako hizkuntza ofizial guztiak" baloratzen dituela eta euskara, "nafar guztien ondare gisa" babestu egin behar dela azpimarratu du. Hala ere, “Tutera eremu euskaldunean” ez dagoela eta “gaztelera bertako hizkuntza hedatuena” dela gogoratu du alderdiak.