Ekainaren 30ean, lehen itzulian, 11.000 boto eskas gehiago lortu zituen Fronte Herritar Berria koalizioak Batasun Nazionalaren aldean. Orain, 30.000 boz atera dizkio. Parisera joango diren hiru hautesbarrutietako ordezkariak Fronte Herritar Berrikoak izanen dira.
Frantziako Estatu mailan bezalaxe, Ipar Euskal Herrian ere harresia ezarri dute herritarrek ultraeskuinaren aurka eta ezkerra batu izanak ezinbestean lagundu du horretan. "Eskuin muturrari dantzatzea ukatu diogu", esan dute Fronte Herritar Berria koaliziokoek Peio Dufau legebiltzarkide izango dela jakin ostean.
Euskal Irratietan hitz egin du Dufauk, pozarren, hitz egitea kosta egiten zitzaiola, eta zera esan du: "Ez naiz bakarrik. Beste bi hautesbarrutietan ere gailendu gara. Historikoa izatetik haratago doa". Horrez gain, adierazi du Ipar Euskal Herrian abertzaleekin kontatu izanak ekarri duela garaipena Frantziako Estatuan. Are, Frantziako Estatu mailako ikuspegia hartuta, ultraeskuina geratu beharraz mintzatu da: "Inportantea da konturatzea, gure esku izanen da, eskuin muturra geratzea. Hain azkar eta indartsu atera bada, entzun behar diogu jendeari, eta erakutsi ezkerrak balio duela lanerako. Batzen gaituena ainitz azkarragoa da bereizten gaituena baino".
Ipar Euskal Herrian, ezkerreko blokea, Fronte Herritar Berria, aise nagusitu zaio Batasun Nazionalari hiru hautesbarrutietan. Hurrenez hurren, laugarrenean Iñaki Etxanizek 11.000 bozetako diferentzia atera dio –7.000 ziren lehen itzulian–; Colette Capdeviellek, bosgarrenean, 16.000 boto –3.000 izan ziren aurrekoan–; eta seigarrenean, Peio Dufauk 6.000ko aldearekin irabazi du –erdia ziren lehen–. Azken hautesbarruti horretan, Ensemble-rekin estutu egin da bozen aldea; Dufauk ordezkari izatea lortu du 700 boz eskasen aldeagatik.
Udalerrika: 160tik 142tan, Fronte Herritar Berria garaile
Argigarria da mapak erakusten duena: Ipar Euskal Herria argiki mintzatu da ezkerraren alde. Lapurdin, 41 udalerritatik 30etan gailendu da; Nafarroa-Beherean 75etik 68tan; eta Zuberoan guztietan, 44tik 44tan.
Mapak are argiago erakusten du nagusitasuna. Macronistek segitu dute indartsu Donibane Lohizunetik Biarritzera, kostaldean, Bidarten salbu. Eta gainontzean, herri bakan batzuetan soilik irabazi du ultraeskuinak: Ainhoan, kasu.
[[hauteskundeak udalerriak estua 2024 U7 frantziako-legegileak]]
Konparaketarako, erreparatu lehen itzulian udalerriz udalerriko mapari.
[[hauteskundeak udalerriak estua 2024 E30 frantziako-legegileak]]