argia.eus
INPRIMATU
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean
  • 95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 25
Yamandu Orsi eta Carolina Cosserren hautagaitzak irabazi du Uruguain. Frente Amplio

Gobernura itzuliko da 2005etik 2020ra agintean izan zen ezkerreko indarra, garaipen estu baten ondoren. Orsik "hazkunde nazionalaren" presidente izango dela adierazi du, eta garapen iraunkorrean oinarrituko den programa eraikiko duela.

95.000 botoko aldeagatik irabazi du ezkerrak 3,5 milioi biztanle dituen herrialdean. Aurreikusitakoaren arabera, martxoaren 1ean izendatuko dute presidente Orsi eta, 2030eko martxoaren 1era bitartean gobernatuko du Uruguai.

Hauteskunde batzordeak informatu duenez, Fronte Zabalak 1.196.798 boto jaso ditu, eta eskuinak 1.101.296. Urriaren 27an egin zuten bozen lehenengo itzulian baino 107.628 boto gehiago lortu ditu ezkerrak. Lehenengo bueltan hautagaietako inork ez zuen lortu gehiengo absoluturik. Hori dela eta, hilabeteren ostean bigarrengo itzulia egin dute orduko bi hautagai bozkatuenen artean hautatzeko.

Ezkerra “egonkortasun makroekonomikoari eusteko eta diru sarreraren banaketa hobetzeko” konpromisoarekin itzuli dela berretsi du Orsik. Beste alde batetik, Carolina Cosse alderdi ezkertiarreko presidenteorde hautetsiak adierazi du "iritzi guztiak errespetatuko" dituztela eta "guztien iritziak errespetaraziko" dituztela.