argia.eus
INPRIMATU
Frantziako lehendakaritzako hauteskundeak
Ezkerra, muturrean

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko apirilaren 12a

2017 jaso zuen zafraldia Alderdi Sozialistak: 2012an garaile ateratako alderdiak soilik botoen %6,36 jaso zituen. Apirilaren 10 honetan berretsi egin da ezkerreko alderdi historikoaren porrota: %2aren langa ez du gainditu. Aldatu delako ezkerra, ezkerrak eskuineruntz egin duelako. Baina herritar ezkertiarra badago eta 2017an bezala, ezkerraren muturrean kokatu da. Jean-Luc Melenchonek botoen %21,95 jaso ditu eta 0,8 puntugatik ez da pasa bigarren itzulira. Doi doia %10era heltzen da ezkerreko beste alderdiek jasotako botoen batuketa.

Hori horrela, berriro ere hor dago eskuin muturraren mehatxua eta 2002an zein 2017an bezala, gogoz kontra, vote utile edo boto baliagarria egin beharra dauka ezkertiarrak: eskuinarentzat bozkatu eskuin muturra oztopatzeko. Kontua da duela bost urte ez bezala, badakigula zein den Macronen benetako aurpegia eta argi gelditu dela eskuineko politikan dabilela, ultra liberalismoan tinko. 2017an eskuin muturrari bidea mozteko bere alde egin zuten ezkerreko guztien botoak ez ditu jasoko aldi honetan. 2002an eskuin muturraren garaipenak sortu sorpresa eta izuagatik, herritarra mobilizatu eta %82,21ak egin zuen boto bidez Le Penen kontra; 2017an, berriz, %66,10ak. Vote utile horrek zer nolako lekua hartuko duen, horretan dugu bi itzulien arteko misterio nagusia. Abstentzioarena dugu bigarrena. 2002an eskuin muturraren kontrako manifestazioak izan ziren bi itzulien artean. Hogei urte pasa dira eta ohikoa bilakatu zaigu eskuin muturra lehen itzuliko garaileen artean kokatzea, eta manifestazioak denborarekin desagertu dira. Alta, Le Pen boterera iristeko aukera handituz doa urtez urte.

Melenchonen hauteslegoaren zati batek Le Penen alde bozkatuko du ere. Ezkerra ala eskuina, muturraren hautua eginen duelako multzo batek, aldaketa gose, egunerokoan pairatu beharreko zailtasun sozioekonomikoaz nazkatuta. Hori badaki Le Penek ere, eta bi itzulien artean Melenchonen bozkatzaileei zuzenduko zaie: "Diruari ala pertsonari, zeini eman nahi diogu boterea? Horretan dugu auzia. Demagun, zer garrantzi ematen diogun ahulenekiko elkartasunari, eskubide bermatuak izateko aukerari edota erretiroan osasuntsu sartzeari", zioen lehen itzuliko emaitzen balorazioan. Herritar xumearen miseriatik irabaziak atera nahian dabil Le Pen, eskuin muturrak egin ohi duen gisara.

Macron eta Le Penen arteko bigarren itzulia ez da sorpresa bat, ordea, eta ezkerreko alderdi ezberdinen artean ez adostu izanaren bestondoa dute orain ezkerrekoek. Alta, batasuna osatzen saiatu ziren primario popularren sustatzaileak iaz. Baina, Melenchonek, Jadotek, Hidalgok eta Rousselek ezezkoa eman zioten primarioak irabazi zituen Christiane Taubiraren hautagaitza sostengatzearen proposamenari. Ezkerra krisian da munduko hainbat herritan bezala Frantziako Estatuan ere. Herritar ezkertiarren nahiak eta aholkuak entzun eta autokritikatik aldaketa batzuk bideratzeko behar gorria du ezkerrak. Ezkerra ez bezala, bakarrik aurkezturik ere, indartsu direlako Macron eta Le Pen. Aurten ez du egin nahi izan. Ea ondokorako ikasten duen.