Gustavo Petro ezkerreko hautagaiak lortu du boto gehien (%40,32) Kolonbiako hauteskundeen lehen itzulian. Rodolfo Hernandez hautagai milioidun populistarekin (botoen %28,15 lortu du) lehiatuko da bigarren itzulian, ekainaren 19an. Lehiatik kanpo geratu da Federico Gutierrez eskuineko hautagaia.
Gustavo Petro, Pacto Histórico koalizioko hautagaia, M-19 Apirilaren 19a Mugimenduko gerrillari ohia da, eta Bogota hiriburuko alkate ohia. Aurreikuspenak beteta, hura izan da nagusi lehen itzulian, baina ez du botoen %50 lortzerik izan. Bigarren itzulian babes handiagoa beharko du eskuina gainditzeko. Adituek diote zaila izango duela, bere hautagaitzak tarte txikia duelako "hazteko", Hernandezenak ez bezala. Rodolfo Hernandez populista, Liga de Gobernantes Anticorrupción mugimenduko hautagaia, ingeniaria da, eta Bucaramanga hiriko alkate ohia.
Petroren hitzetan, lehen itzulian lortutako garaipena "Ivan Duque presidentearen proiektu politikoaren eta uribismoaren porrota" da, eta agindu du "aro berria" hasiko dela Kolonbian. "Ustelkeria ez da Tik Tok-eko esaldien bitartez borrokatzen", adierazi du, zeharka erreferentzia eginez Hernandez aurkariari. Hark ere esan du "aldaketa" abian dela.