argia.eus
INPRIMATU
Ezkerra eta nazioa Pirinioen alde banatan

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko ekainaren 07a
\"La Flaca\" aldizkari satirikoaren karikatura: errepublikano federalak (herri-xehearen jantzi xumearekin) eta errepublikano unitarioak (burgesen jantzi dotorearekin) aurrez aurre, Errepublikaren alegoria beregana erakarri nahian. (Iturria: \"La Flaca\", 1873, Wikimedia Commons)..

Frantziako eta Espainiako ezkerreko alderdi eta mugimenduek harreman ezberdina dute nazio kontzeptuarekin eta nazionalismoarekin. Horrek erabat baldintzatzen du euskal abertzaleekin izan duten (eta duten) harremana. Baina zergatik? Gaiaren gakoa Estatu-Nazioaren eta identitateen sorrera prozesu ezberdinetan dago; iraultzailea izan baitzen Aturritik iparraldera eta oligarkikoa, aldiz, Ebrotik hegoaldera.

Frantziako Iraultzaren garaian (1789-1799), bi alderdi nabarmendu ziren: girondinoak eta jakobinoak. Girondinoak, edo girondarrak, iraultza liberal moderatuaren aldekoak ziren. Talde honek kostaldeko burgesia merkatariaren interesak defendatzen zituen –batik bat Gironda eskualdeko merkatarienak– eta ondorioz, estatu-eredu federalaren aldekoak ziren. Jakobinoak, aldiz, herri-xehearen –hots, Parisko proletarioen– ordezkariak ziren. Horregatik, aurrekoak baino aldaketa politiko eta sozial sakonagoak egitearen aldekoak ziren. Halaber, estatu-eredu zentralistaren aldekoak ziren, hiritarren arteko berdintasun soziala parekatzen zutelako lurralde-berdintasunarekin. Gainera, uste zuten periferien aldarrikapen federalistak nazioaren interesen aurkakoak zirela, Antzinako Erregimeneko pribilegio feudalen antzekoak. Ondorioz, salbuespenak salbuespen, Frantziako ezkerra zentralismoaren aldekoa izan da, eta horrexegatik ohikoagoa da Ipar Euskal Herriko abertzaleek aliantzak egitea Jean Rene Etxegarai bezalako zentrista batekin, PSko edo PCFko jakobinoekin baino.

Espainiako ezkerrean, aldiz, askoz ere errotuago dago tradizio federalista. Ideia hori, gutxienez, I. Errepublikaren (1873-1874) garai gatazkatsutik dator. Goiko karikaturan ikus daitekeenez, herri-xehea eta sektore aurrerakoienak (I. Internazionalaren eta anarkismoaren eraginez) errepublika federalaren aldekoak ziren eta burgesia, aldiz, errepublika unitarioaren aldekoa. Urteen poderioz, uztartzen joan dira aldarrikapen zentrifugoak eta ezkerrarenak: kantonalismotik hasi eta II. Errepublikako (1931-1936) prozesu autonomistaraino. Hori guztia gutxi balitz, frankismoan sendotu zen ezkerraren eta nazionalismo periferikoen arteko aliantza, diktadurak ezarritako zentralismoaren aurkako erreakzio modura. Baina salbuespenak ere izan badira, Lerrouxismoa esaterako: nazionalismo periferikoei burges izatea leporatzen zien ezkerreko korronte errepublikanoa. XX. mende hasierako Alejandro Lerrouxen (1864-1949) pentsamenduan oinarritzen da, hura burgesia katalanistaren aurkakoa baitzen.

Horregatik guziagatik, gehienetan zentralista eta jakobinoa da Frantziako ezkerra. Espainian, aldiz, zentralismoa eskuinarekin identifikatzen ohi da eta ezkerrak barneratuago ditu deszentralizazioaren aldeko aldarrikapenak: izan autonomistak, federalistak ala autodeterministak. Oro har, korronte zentralista eta jakobinoak ez dira horren ohikoak izan Espainiako ezkerrean, orain arte behinik behin.