argia.eus
INPRIMATU
Ezkerra bidegurutzean
  • Azken hamarkadetan ezkerraren barruan gertatzen ari dena "iraultzailea" da. Honen barruan topa dezakegun perfil soziologikoen arteko aurkakotasuna oso nabarmena da.

Gorka Moreno Márquez 2017ko maiatzaren 08a

Alde batetik, balio posmaterialistetan (laburki esanda: feminismoa, ekologismoa, arrazakeriaren aurkakoa, eta abar) oinarritzen den taldea dugu, gehienetan klase ertainetan kokatzen dena eta egoera sozioekonomiko eta ongizate altua duena. Bestetik, globalizazioaren galtzaileak ditugu, jende prekarioa, askotan langile arruntak, azken urteetan euren egoera okerrera egin duela sumatzen dutenak eta gizarte zaurgarritasunean kokatzen direnak.

Nolabaiteko neurotikoen koalizio baten aurrean gaude. Izan ere, gehienetan batzuen eta besteen ikuspuntuek ez dute bat egiten eta sarritan kontrajarriak dira gai ezberdinetan. Immigrazio edo errefuxiatuen gaien kudeaketa adibide ezin hobeagoa da, baina ingurumenaren arloan edo beste zenbait kasuetan oso nabarmen ikusi daiteke kontrakotasun hori. Beste era batera esanda, historikoki ezkerraren eremu ideologikoan kokatu diren langileak ditugu; bestetik azken hamarkadetan gizartean gorantz egin duten langile hauen seme-alabak izaki. Bi talde oso ezberdin, baina eremu ideologiko berean.

Frantziako hauteskundeak errealitate honen adibide hobezina izan dira. Le Pen ultraeskuindarra eta Macron zentrista bigarren itzulira pasa dira. Gainontzeko alderdiek lehenengo egunetik Macronen alde egin dute, batek ezik. Frantzia Intsumisoa, botoen ia %20 lortu duena, tarteko ekidistantzia mantentzen saiatu da. Frantzian eman diren azterketa soziologikoen arabera, langile galtzailearen botoa Frantzia Intsumisoa eta Fronte Nazionalaren artean banatu egin da lehenengo itzulian. Lehenengo mugimendu politikoaren burua den Melenchonek oso ondo daki hau eta ez du esparru soziologiko hori libre utzi izan nahi Le Pen-entzat. Hautua nahiko zalantzagarria ere bada, epeltasun honen bidez Le Penen nolabaiteko legitimazioa eman delako eta orain arte eman den harresi demokratikoan zirrikituak agertu direlako.

Mugimendu taktikoak alde batera utzita, errealitate honek eskema tradizionalak erabat leherrarazi ditu. Testuinguru horretan ezkerrak ez du batere garbi zer bide jarraitu, eta hartzen duena bata edo beste izan, beti galtzaile aterako da. Orain arte bezala klase ertain aurrerakoien ikuspuntua soilik defendatuta, ultraeskuinarentzat hauteskunde-autobidea irekitzen zaio, Frantziako alderdi sozialistaren emaitzak begiratzea baino ez dago. Baina, jende prekarioaren alde eginda ultra-eskuinarekin lehia zuzenean sartzen da eta zenbaitetan ezkerrean oinarri izan diren balore batzuen aurrean kokatuko lirateke.