Europako ezkerrak moneta sistema malguago baten aldeko apustua egin beharko lukeela eta "B plana" garatu beharko lukeela uste du Oskar Lafontaine Alemaniako ezkerreko Die Linke alderdiko presidente ohiak. Gako hauek krisi ekonomikotik irteteko ezinbestekoak liratekeela dio Junge Welt egunkari alemaniarrak argitaratutako artikulu batean.
Alemaniako ezkerra kritikatu du Lafontainek: “Europak bere gain dituen konpetentziak maila nazionalera itzultzearen aurka dago Alemaniako ezkerra, neurri nazionalista bezala ikusten delako. Komunikabide handiak enpresa handien interesak defendatzen ari dira bankuen kolaborazioarekin eta ezkerraren zati handi bat tranpa horretan erortzen da”.
Deszentralizazioaren beharraz
Lafontainek esan du Europar Batzordea eta Europar Parlamentua lobby finantzarioen aliatu bihurtu zirela argi gelditu denean, konpetentzia gehiago maila europarrera transferitzea Zuzenbide Estatu Sozialaren eta demokraziaren desegitea dela esan du.
Demokrazia eta deszentralizazioa eskutik doazela ere adierazi du. Herri mailan erregulatzea posible dena Estatu Nazional edo Europar Batasuneko arloan ere kudeatzeko aukera dagoela esan du Lafontainek.
Lafontaineren ustez, “Thomas Mann idazleak Alemania europar baten desioa zeukan. Gaur egun kontrakoan bihurtu da: Europa Aleman bat daukagu”.
Moneta sistema malguagoaren premia
Lafontaineren ustez Europako ezkerrak “B plana” beharko luke, Europar Batasuneko herrialderen batek Greziaren antzeko egoera pairatuko balu. Europako legeak aldatu beharko lirateke, Europako Banku Zentral “deslegitimizatuari” boterea kentzeko. Europar moneta sistema berri batek lanak erraztuko lituzke.
Die Linkeko presidente ohiaren ustez, Alemaniako ezkerrak Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren diskurtsoari “mozorroa” kendu behar dio. Merkelen ustez euroa hiltzen bada, Europa ere hiltzen da. Euroa Alemaniako ekonomiaren dominazio ekonomikorako tresna bihurtu da: “Europa demokratiko eta sozial baten alde dagoenak, bere politika europarra aldatu beharko du”.
Greziaren egoeraz ere idatzi du politikari alemaniarrak: “Guretzat galdera ezin da drakma edo euroa izan. Ezkerrak erabaki behar du hondamenezko garapen sozial bat bizi dugun arren euroa mantendu nahi duen, edota europar moneta sistema malguago baten alde egiten duen”.