argia.eus
INPRIMATU
Ezker abertzaleak bere posizio politikotik ETAren biktimei eragindako minaz autokritika egin du
  • "Ezker abertzaleak bere adierazpen edo jarreren bitartez, zenbaitetan ETAren jarduerek eragindako minarekiko sentikortasunik eza irudika zezakeela onartzen du eta bere jarrera politikoarekin nahi gabe gehitu duen mina sentitzen du". Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian aurkeztutako "Konponbide haizea dabil" dokumentua (PDF) aurkeztu zuen.

2012ko otsailaren 27a
Ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu izan zen dokumentuaren berri luze eta zabal emateaz arduratu zena. / Ezker abertzalea

Ezker abertzaleak biktimen artean hierarkizaziorik ez egiteko eskatu zuen, eta zenbait proposamen egin zituen. Alde batetik, "egoera hau lagunduko lukeen justizia trantsizional" bat, eta bestetik, izaera independentea eta nazioartekoa lukeen Egiaren Batzorde bat.

"Onartzen dugu ezker abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazio maila falta izan zaiola beste aldeko biktimekiko. Itzulingururik gabe onartzen dugu eta espero dugu adierazpen hau erakutsi dugun zintzotasun espiritu berarekin onartua izan dadin". Testuinguru honetan, ezker abertzaleak uste du "Espainiako eta Frantziako estatuek ere Euskal Herriko milaka gizon-emakumeri sufrituarazitako mina" aitortu behar dutela. Honez gain, azpimarratu zuten inongo indar politikok ezin duela gatazka honetan izandako erantzukizuna alde batera utzi.

Bi ordu inguru iraun zuen ekitaldian salatu zuten, bestalde, ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman arren, horrek ez duela "indarkeria guztien amaiera" ekarri, eta presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eskatu zuten, eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onartzea ezinbestekotzat jo zuten, herritarrek beren etorkizunaz libre erabaki dezaten.

Ezker abertzaleko kideez gain, EA, Aralar, Alternatiba, LAB, Sinn Fein eta ANCko kideak ere bertaratu ziren.

Dokumentua osorik hemen irakur daiteke: