argia.eus
INPRIMATU
Zizurkil eta Usurbil arteko zentral eolikoaren proiektua hegazkinek eraitsiko ote dute?
  • Green Capital izeneko enpresak Zizurkil eta Usurbil udalerrietako lurretan ezarri nahi duen Ezkeltzu izeneko zentral eolikoak badu neurriko oztopo bat: Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia (AESA). Antza denez, hegazkinek "maniobra-aldaketa interferitua" egiten dute ingurune horretan eta maniobra hori egiterakoan traba izan daitezke proiektuan ageri diren 200 metroko lau haize errotak, edo horietakoren bat.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko irailaren 09a

Ekainaren hasieran AESAk Green Capitali jakinarazi zion Ezkeltzuko zentral eolikoaren proiektuko zenbait elementu ezin izango zirela baimendu. Green Capitalek alegazioak aurkeztu zizkion AESAri, bere desadostasuna agertuz eta AESAk ez du oraingoz bere azken hitza esan. Baina hegazkinekin bateraezintasun honek ez ditu sorpresaz harrapatu: 2023ko urtarrilean jada Green Capitalek ohartarazia zuen Jaurlaritza Ezkeltzuko proiektuan zeukan arazo honetaz.

AESAk ez badu adierazten zentral eolikoaren altuera bateragarri dela Hondarribiko aireportuaren beharrekin, Green Capital enpresaren Ezkeltzu proiektuak ezin du Aurretiazko Administrazio Baimena eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena jaso.

AESAren oniritzia eskuratzeko badu presarik Green Capitalek: izan ere, 2024ko ekainaren 21ean Eusko Jaurlaritzaren Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak Green Capital enpresari eskatu zion eskariari berriro ekiteko, edo, bestela, espedientea iraungitzat deklaratuko duela. Hala ere ikusteko dago noiz emango luketen "iraungitzat", izan ere, epea ez zen atzo goizean pasa: Jaurlaritzaren espediente orriak dio "ebazteko epe-muga" 2022ko uztailaren 26a zela baina "epearen egoera: bertan behera utzi gabe" dagoela, beheko irudian ikus daitekeenez. 

Informazio hau eman du Eusko Legebiltzarrean irailaren 6an Mikel Jauregi Letemendia Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ekainaren 27an egindako galderari erantzunez.