Bizilagun baten lekukotza funtsezkoa izan da gorpuzkinak aurkitzerakoan; hilerriko hezurtegian zeuden. Guztira 84 biktimaren gorpuzkinak berreskuratu dituzte.
1936ko kolpe militarreko hiru biktimaren gorpuzkinak aurkitu dituzte Etulaingo hilerriko hezurtegian, Anue ibarrean. Modu horretan, eraildako pertsonak eta 2015az geroztik berreskuratutakoak 84 dira guztira. Lanak pasa den asteburuan egin zituzten, Nafarroako Gobernuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinaturiko hitzarmenaren barruan.
Prozesu horretan, beste behin, funtsezkoa izan da gertaerak bizi izan zituen pertsona baten kontakizuna; hots, Fermina Iraizoz herriko bizilagunarena. Elkarteak jasotako lekukotzaren arabera, 1938ko maiatzaren 27an —eguna ondo gogoratzen zuen, bere urtebetetzea egun horretan izateagatik—, falangistek larreetan harrapatutako hiru iheslari eraman zituzten herrira. Burutaingo (Anue) Lucía Larramendik ere horrela berretsi zuen, janaria eta ura eman baitzizkien Etulain (Anue) aldera zihoazen harrapatutako hiru pertsonari.
20-23 urte arteko gazteak, Bilbokoak zirela esan zutenak, leku berean fusilatu eta lurperatu zituzten. Olagueko (Anue) saihesbidea hazteko lanak zirela-eta, 1999. urtean, hondeamakinak gorpuzkinak aurkitu zituen, eta hilerriko hezurtegian sartu zituzten pisu handiko lauza baten azpian. Horien artean, hiru burezur aurkitu dituzte balak eragindako zuloarekin, haiengan gauzatutako indarkeriaren lekuko. Gorpuzkinak laborategira eraman dituzte ondoren analizatzeko.
>>> Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunetik ekarri dugu gurera, CC-By-SA lizentziari esker.