argia.eus
INPRIMATU
Ezkabatik 1938an ihes egindako presoen gorpuak aurkitu dituzte Burutuaingo hobi batean
  • Datozen egunotan aterako dituzte hobitik gorpuzkinak; oraindik ez dakite zenbat lagunenak diren.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko apirilaren 11

Hobietatik Gorpuzkinak ateratzeko Nafarroako Gobernuaren programaren barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteak astearte goizean hasi ditu Burutuaingo Kontseiluko (Anue) hobi bat aztertu eta han lurperatutako lagun talde baten gorpuzkinak aurkitzeko lanak.

Garai hartan haurra zen eta gertakarien lekuko izan zen pertsona baten jarraibideei esker aurkitu da iheslari haiek lurperatu zituzten leku zehatza. Gobernuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela antzerako gertakariak bizi izan zituztenek beren lekukotzak jakinaraztea, beste hobi batzuk aurkitu eta familiei erantzuna eman ahal izateko.

Datozen egunotan aterako dituzte gorpuzkinak; oraindik ez dakite zenbat lagunenak diren, baina Ezkaba mendiko espetxetik 1938an ihes egin ondoren erail zituzten lagunenak direla bai. Vianako Printzea Erakundeko Ondare Zerbitzuaren baimena du esku-hartze horrek.

Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren arloan bultzatzen dituen ekintzen barruan kokatu du arduera: 1936ko errepresioaren biktimen senitartekoen egia jakiteko, justiziarako eta ordaina jasotzeko erreklamazioei erantzuna emateko helburuz.

Artikulu hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu bere CC-by-Sa lizentziari esker.