argia.eus
INPRIMATU
Ezkabako presondegitik ihes egindako gizon baten gorpuzkinak topatu dituzte Olaben
  • Olaben (Nafarroa) aurkitu dituzte Ezkabako presondegitik ihes egin eta ondoren frankistek hil zuten gizonezko baten gorpuzkinak. 1938ko maiatzaren 24an hil zuten eta 25 urte baino gutxiago zituela ere baieztatu dute.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko otsailaren 26a
Aranzadi Zientzia Elkartekoek Olaben aurkitutako gorpuzkinak. Arg.: Euskalerria Irratia

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Esteban Arriolaren eta beste bizilagunen testigantzak baliagarriak izan dira gorpuzkinak aurkitu ahal izateko. Urte askoan isilaraziak izan dira herritar asko, baina, orain kontatzen dituzten gertakariengatik aztarnak aurkitzea ahalbidetzen ari dira. Hobia aurkitu zuten lehenbizi eta gero indusketa lanei esker gorpuzkinak topatzea lortu zuten. 

Aranzadi Zientzia Elkarteari esker egin dira lan horiek. Gobernuarekin hitzarmena sinatua du 2016. urtetik eta aurten 100.000 euroko laguntza jaso du. 2016. urtean hain zuzen ere Olaben bertan aurkitu zituzten beste 14 pertsonaren gorpuzkinak. Horiek ere Ezkabako presondegitik ihes egindako gizonenak ziren. 

GR-225 ibilbidea

Joan den otsailaren 9an Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak aurteztu zuen Ezkabako presondegitik ihes egin zutenen ibilbidea egiteko proiektua. GR-225 izeneko ibilbidea Ezkabatik Urepelera doa guztira 53 kilometro eginez. Bidean informazioa aurkitu daiteke presondegitik ihes egin zutenen historiaz.

(Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta)