argia.eus
INPRIMATU
Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian
  • Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.

Euskalerria irratia @fm983irratia Bidane Beloki Ezker 2024ko irailaren 13a
Eliako hobian egindako lanak. (Argazkia: Txinparta Elkartea)

Nafarroako Gobernuko DNA Bankuak Ezkaba gotorlekutik ihes egindako beste pertsona bat identifikatzea lortu du: Segundo Hernandez Blanco gasteiztarra. CNTko militantea zen eta 19 urte zituela egin zuen ihes. Beste gazte batzuekin atxilotu omen zuten 1936ko uztailaren 24an, Gasteiztik ihes egiten ari zela, Otxandiorako bidean, errepublikanoen kontrolpean.

1936ko abuztuaren 8an, 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta Gasteizko probintziako espetxean sartu zuten, 1937ko urtarrilera arte; orduan, Ezkabara eraman zuten. Aita ere, Joaquin Hernandez, 1936ko abenduaren 14an hil zuten.

Berriki, senide batek emandako lagin genetikoari esker eta hezurretako DNA lortzeko hobekuntza teknikoei esker lortu dute Hernandez dela egiaztatzea.

Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Ezkabako Txinparta elkarteko kolaboratzaile Jose Maria Pastorrek emandako informazioari esker, 2015ean atera zuten hobia Eguesibarreko Udalaren ekimenez. Hiru gorpu aurkitu zituzten. Vicente Mainz Landa, Bidankoze herriko bizilaguna, identifikatu zuten lehena izan zen. Eta, ustez, Eliako hobian topatutakoek bestelako bide batetik egin zuten ihes, nahiz eta, Falangeko tropel batek, harrapatu eta hil egin zituen, zelaian lurperatuz.

Segundo Hernandez Blancoren identifikazioarekin 43 dira jada Nafarroako DNA Bankuak identifikatu dituen pertsonak. Horietatik, bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten presoak.

Nafarroako Memoriaren Institutuak berretsi du “1936ko kolpe militarraren ondoren desagertutako eta eraildako pertsonen familia gehiagorekin harremanetan jartzea” ezinbesteko izaten jarraitzen duela. Horretarako, inm@navarra.es helbide elektronikoa zabaldu dute.