argia.eus
INPRIMATU
Ezkabako ihesaldian parte hartu zuten presoak izan dituzte gogoan
  • 1938an Ezkaba mendian dagoen San Cristobal gotorlekutik ia 800 preso errepublikazalek ihes egin zuten, baina frankistek horietako asko harrapatu eta hil egin zituzten. Estatuko kartzeletan inoiz egindako ihesaldi handienetakoa izan zen.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko maiatzaren 22a
Ezkabako presondegitik ihes egindako ehunka presori igandean egindako omenaldia. Arg: Aritz Intxusta

Frankistek 206 mendian hil zituzten, eta beste 14, antolatzailetzat hartuta, Iruñera eraman eta hantxe fusilatu zituzten handik gutxira. Azken aldian, Nafarroako Gobernuak gorpuak hobietatik ateratzeko abiatutako programaren baitan, Aranzadi Zientzia Elkartea apurka-apurka sakabanatuta dauden gorpuzkiak aurkitu eta hobitik ateratzen ari da identifikazio lanetarako.

San Cristobalgo espetxe zenaren atarian omenaldia egin diete igandean. Txinparta Elkarteak antolatutako ekitaldian Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du.

Botilak, ihesaldian parte hartu zutenen omenez

Botilak bihurtu dira ikur; izan ere, espetxean hildako ehun lagunetik gora, alboko hilerrian lurperatu zituzten hankatik botila bat zintzilik zutela, eta barruan bakoitzaren izen-abizenak zeudela.

Aurten ere egindako lore eskaintzan, Nafarroatik eta Estatuko beste hainbat tokitatik bertaratu diren gonbidatuek botila bana eraman dute, baina oraingoan eurek idatzitako mezu edo olerkiren bat gorde dute bertan. Omenaldiaren erdigunean kokatu dituzte, eta amaieran bakoitzak berea ez zen botila bat hartu du.

Argazkia: Patri Abad

(Albistea hau Euskalerria Irratiko webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta)