argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegia ezingo dute martxan jarri Eusko Jaurlaritzaren baldintzak urratu gabe
  • Betiko alardea, betiko harrokeria … Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak joan den ostiralean adierazi zuen urriaren erdialdean hasiko direla Zubietan hondakinak erretzen. Hori ordea, ezinezkoa da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen baimen bateratuaren baldintzak urratu gabe.

Usurbildarrak Aurrera @usurbildarrak 2019ko irailaren 18a
(Argazkia: Noaua)

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Zuzendaritzak bere webgunean eskuragarri jarritako informazioaren arabera, Estraperlo kalean jarritako airearen kalitate-kontrolerako neurketa-kabinak arazoak izan ditu udaran. Esate baterako, uztailaren 15etik 22ra ez da inolako parametroren neurketarik jaso webgunean. Egun oraindik eurien inguruko neurketarik ez da jasotzen. Horrez gain, neurketa-kabinak oraindik ez ditu neurtzen Usurbilgo Udalak espresuki eskatutako hainbat parametro: O3, BTEX eta PM2,5 esate baterako (ikus: Udalberri 14 zbk, 6 eta 7 orrialdeak)

Airearen kalitate-kontrolerako neurketa-kabina Usurbilen.

Erraustegia eraiki eta gestionatzeko sortutako Ekondakin Energia y Medio Ambiente S.A. enpresak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Zuzendaritzak ezarritako baldintzak betetze aldera, erraustegiaren inguruko airearen kalitate-kontrolerako neurketa-kabinak jarri ditu Zubietan, Lasarte-Orian, Andoainen eta Usurbilen.

Airearen kalitate-kontrolerako neurketa-kabinak jarri beharra, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak 2010eko apirilaren 23an Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresari erraustegirako ingurumeneko baimen bateratua ematen dion ebazpenean zehazten da (ikus: euskadi.eus)

Ingurumeneko baimen bateratuko ingurumena zaintzeko programaren atalean, immisio atmosferikoak kontrolatzeari buruz, hitzez hitz honakoa dio:

"F.3.- Immisio atmosferikoak kontrolatzea.

Instalazioaren inguruko airearen kalitate-kontrolak egingo dira, neurketa-gelen bidez etengabe, zein neurketa-kanpainen bidez.

Neurketa-kanpainek jardunaldiaren aurretik neurketa-programa osoa izango dute, baliotze energetikoko instalazioa abiarazi baino lehenago gutxienez 18 hilabetetan zehar, instalazioa jardunean dagoenean airearen kalitatearen bilakaera erkatzeko aukera eskain dezan.

Ebazpen hau eman eta sei hilabeteko epean, sustatzaileak jarduerak inguruan duen eraginaren jarraipena egiteko proposamena landu eta Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztuko du, bertan onartzeko. Proposamenean lanak hasi aurreko fasea eta lanen fasea barne hartuko dira eta proposatzen diren neurketa-gelen kokapenaren azterketa bat eta horien mantentzerako plan bat ere bai.

Neurtu beharreko parametroak, gutxienez, honakoak izango dira: etengabean, NOx, partikulak, HCl, KOG, SO2, eta O3 eta, noizean behin, HF eta metal astunak".

Ingurumeneko baimen bateratuan zehaztutakoaren arabera, GHK-k jarraipena egiteko prestatutako proposamenean Usurbilgo herrian jarri beharreko neurketa-kabinak honako parametroak neurtzea proposatu zuen: NOX, PM10 eta kontrol meteorologikoa.

Usurbilgo Udalak berriz, hauez gain parametro gehiago neurtzea eskatu zuen. Besteak beste honakoak: O3, BTEX eta PM 2,5. Lasarte-Oriako Udalak ere, antzeko eskaera egin zuen Lasarte-Orian jarri beharreko neurketa-kabinarako. GHK ordea ukatu egin zen. Urtebete baino gehiagoko gorabeheren ondoren, azkenean, GHK-k amore eman zuen eta 2019ko martxoaren 15an esleitu zuen Lasarte-Oria eta Usurbilgo airearen kalitatea neurtzeko kabinetan txertatu beharreko elementu gehigarriei buruzko hornidura kontratua (ikus: apps.euskadi.eus).

Udalak 2019ko urtarrilean eman zuen neurketa-kabina jartzeko baimena eta obrak otsaila-martxoan burutu zituen EKONDAKIN ENERGIA Y MEDIOAMBIENTE S.A. enpresak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Zuzendaritzaren webgunean eskuragarri dauden lehen datuak 2019ko apirilaren 13koa dira eta parametro gutxi batzuei dagozkie. Gaur oraindik, udalak eskatutako parametroen neurketak ez daude eskuragarri, ezta prezipitazioei dagokiena ere.

Jarritako gainontzeko neurketa-kabinen egoera:

Lasarte-Oria: lehen neurketak 2018ko maiatzaren 4koak. Oraindik ez daude eskuragarri parametro gehigarrien neurketak.

Andoain: lehen neurketak 2018ko apirilaren 4koak.

Zubieta: parametro guztien lehen neurketak 2018ko ekainaren 1ekoak.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Zuzendaritzak bere webgunean eskuragarri jarritako informazioa honako estekan duzue: euskadi.eus/CalidadAireWar.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak joan den ostiralean aurreratu zuenez, urriaren erdialdean hasiko dira hondakinak erretzen erraustegian. 

Usurbilgo neurketa-kabinaren arabera, erraustegiaren abiatzea beste urtebetez atzeratu beharko litzateke

Hori ordea ezinezkoa litzateke Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumeneko baimen bateratuan ezarritako baldintzak kontutan hartzen baditugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak erraustegia martxan jarri baino lehenago, gutxienez 18 hilabetez airearen kalitate-kontrola burutzea ezartzen baitu eta Usurbilgo kasuan aipatu kontrola 2019ko apirilaren 13an (parametro guztien neurketarik gabe) hasi baita. Beraz, ingurumeneko baimena bateratuak ezarritakoa kontutan hartuz, Usurbilgo neurketa-kabinaren arabera, erraustegiaren abiatzea beste urtebetez atzeratu beharko litzateke. Hots, ezingo litzateke abiarazi 2020ko azaroa baino lehenago.