Joan den urtarrilaren 15ean, Repsolek La Pampilla findegian egindako petrolio isuri batek Peruko historiako tragedia ekologikorik handiena eragin zuen. Marc Gavaldá elkarrizketatu du Nacho Ibáñez-ek Directa hedabidean. Gavaldá aditua da petrolio-jarduerak amerikar kontinentean dituen ondorioetan. Hainbat liburu eta dokumental ditu eginak, hala nola Repsolandiara Bidaia (Tutuma, 2006) eta Repsolek Hil Egiten Du kolektiboan aktiboki parte hartzen du.
Zer gertatu da Perun?
Urtarrilaren 15ean Brasildik zetorren itsasontzi batek petrolioa deskargatu zuen Limako Repsol findegian, eta Tonga uharteko sumendiak eragindako olatuen ondorioz, produktu horren bolumen handi bat itsasora isuri zen. Hasiera batean, petrolio upel bat besterik ez zela izan jakinarazi zuen Repsolek, baina handik ordu gutxira Peruko Itsas Armadak ezeztatu egin zuen, eta gutxienez 6.000 upel zirela esan zuen. Horrek marea beltza sortu zuen, eta bi eremu babestu kaltetu ditu; horien artean, Guaneras uharteak daude. Artxipelago hau kaio eta pinguinoen zirinek sortu zuten milaka urtetan, eta ekosistema oso aberatstzat hartzen da: itsas igarabaren edo itsas txakurren moduko espezieak bizi dira bertan. Gainera asko eragin die Limako 26 hondartzari eta artisau-arrantzatik bizi diren dozenaka familiari. Horregatik guztiagatik, gizartean sentsibilizazio handia eta harrigarria sortu da, manifestazio handiak egin dira eta sare sozialetan jarraipen handia egin da Amazoniako isurietara ohituta dagoen herrialde batean. Eskualde hori urrunago dago, eta normalean hondamendi hauek oharkabean pasatzen dira.
Zein izan da Repsolen erantzuna?
Hasierako erreakzioa isuria gutxiestea izan zen, eta, geroago, sumendia erantzule bakartzat jotzea. Inoiz ez du erantzukizuna bere gain hartu, eta ez du erantzun behar zuen bezala: euste-plan bat eta kontingentzia-plan bat aplikatuta, eta, batez ere, inpaktuaren tamainarekin gardena izanda. Bestalde, Ingurumen Ministerioak Repsolen jarduera guztiak geldiarazi ditu La Pampillako findegian, bere instalazioetan ez delako segurtasuna bermatzen.
Zer ondorio izan ditzake Repsolek eta zer tresna dituzte estatuek hondamendi horiek saihesteko?
Peruko estatuan Ingurumena Ebaluatu eta Fiskalizatzeko Erakundea dago, eta isurketa-bolumenaren araberako isuna ezartzen du. Kasu zehatz honetan, milioi askoko isuna ezar dakioke, baina Repsolek sortzen dituen bolumenen eta dituen irabazi ekonomikoen aldean, hutsaren hurrengoa izango dela ondoriozta dezakegu. Esan dezakegu ez dela oso gaizki aterako. Oraingo berritasuna La Pampilla geldiaraztea izan da, eta horrek, epe luzera, galera handiak eragin diezazkioke. Gainera espero izatekoa da herri-mobilizazio jendetsuek hemendik aurrera fiskalizazio zorrotzagoa lortzea, baita, eskatzen ari garen bezala, enpresaren desjabetzea edo kanporatzea ere. Gogoratu behar da La Pampilla findegia kudeaketa publikoaren pean sortu zela eta, ondoren, Fujimoriren garaian pribatizatu zela irregulartasun batzuen bidez.
Repsolen ekintzak politika neokolonial baten barne daudela uste duzu?
Erabat. 90eko hamarkadan, Repsol Latinoamerikan sartu zen, lotura neokolonialak aprobetxatuz eta Juan Carlos I.ak ordezkatzen zuen Espainiako Koroaren paper oso aktiboarekin. Garai horretan, Argentinan eta Bolivian enpresa handiak pribatizatu ziren, eta Repsol Ekuador edo Peru bezalako herrialdeetan sartu zen. Azken herrialde horretan Camisea Partzuergoaz jabetzea lortu zuen, zeinak gas bolumen izugarria ustiatzen duen eta erreserba erraldoiak dituen Urubamba ibaiaren arroan. Hemen, lurralde inbasio nabarmena gertatzen ari dela esan dezakegu: Repsolen inposaketek erabat zanpatzen dituzte eremu isolatuan bizi diren hainbat herri indigena.
Zer eginkizun du Espainiako Estatuak politika horietan?
Beti bezala, Espainiako Estatuak kapital espainiarreko enpresa pribatuei laguntzen die, bai Espainiako enpresa-eliteekin egindako bidaia diplomatikoen bidez, bai Esportaziorako Kreditu Agentzia Espainiarrak kredituak emanez, zeinak itsasoz bestaldean lan egiten duten enpresa espainiarren interesak sustatzen baititu. Argentinako Estatuak YPF desjabetu zuenean, esaterako, argi ikusi zen interes hori, eta Espainiako diplomazialari guztiek esku hartu zuten Repsolen interes pribatuak defendatzeko. Horrelako adibideak nonahi aurki ditzakegu.
Argentinan Repsolen nazionalizatu izanak ondorio praktikorik izan duela uste duzu?
Une horretan, Repsolek pisu handia galdu zuen Argentinan, baina ez zuten herrialdetik kanporatu, uste bezala; aitzitik, akzioen % 51 desjabetu zizkioten. Horrela, enpresak akziodun garrantzitsu izaten jarraitzen du YPFren barruan, baina dagoeneko konpainiaren giltza izan gabe. Erabakiak Argentinako Estatuak hartzen ditu. Hala ere, Repsolek Loma de la Lata bezalako lurraldeetan jarduten du oraindik, fracking-a praktikatzen den eta petrolio eta gas kantitate izugarriak ateratzen diren aztarnategi oso handi batean.
Nola eragiten dute erauzketa-politikek lurraldean?
Petrolio-konpainiek putzuak zulatu aurretik egiten duten lehenengo gauza, miaketa sismikoko fase bat egitea da. Fase honetan, baso-eremuetan eragin handia duten hainbat linea sismikorekin orrazten dute lurraldea, eta Amazonia bezalako lurraldeetan sarbideak irekitzeko aukera ematen diete. Putzu horietan zulaketako lohiak injektatzen dira (gehigarri kimiko askoko lokatzak, putzuetan sartzen direnak, buxadura saihesteko), oso kutsagarriak. Hortik aurrera, formazio-urak ateratzen hasten dira, petrolio-hobiekin nahastutako urak, itsasoko ura baino ehun aldiz gaziagoak direnak. Ur horiek lurrazalera isurtzen dira, ibaiak eta akuiferoak gazituz. Horrez gain, berezko istripuak eta isuriak jasan behar ditugu ekoizpen-kate osoan, zulaketa-putzutik hasi eta plastiko, gasolina, diesel itxurako azken produktuetaraino. Itsas garraioan, adibidez, itsasontzi bat kostaldean iristen denean eta petrolioa husten duenean, tankean geratu diren gas guztiak bultzatu behar dira, kutsatuta geratzen den itsasoko ura injektatuz. Horrek erakusten digu petrolio-praktikek berezkoa dutela kutsadura, ezin dela bereizi, eta, gainera, produktu fosila erretzearen ondorioak jasaten ditugu, gizadia planeta honetan bizitzen ezin jarraitzera bultzatzen duena.
Nola egiten dute aurka tokiko komunitateek?
Antolaketa- eta informazio-mailaren arabera, erresistentzia-maila desberdinak izan ditzakete. Amazoniako oihanean badira komunitate indigenak, esperientzia luzea dutenak eta aurre egiten dietenak. Ekuadorko herriek, hala nola shuarrek, kitxuek edo guaraniek, beren lurraldeetan kontzesio batzuetan atzera egitea edo jarduera batzuk geldiaraztea lortu dute. Beste komunitate batzuek, zoritxarrez, lehenik engainu, gezur, eskubideen urraketa eta kutsadura prozesu bat bizi behar dute beren lurraldean, ondoren erauzketa-enpresekiko jarrera gerrazaleago bat hartzeko. Bide judiziala, mobilizazioak, sarbideen blokeoak edo konpainien kanporatze fisikoa dira beren lurraldeetan miaketak saihesteko etengabe egin behar dituzten erresistentzia-ekintzetako batzuk.
Posible al da estraktibismoarekin jarraitzea eta komunitateekin eta ingurumenarekin errespetuz aritzea?
Uste dut ezinezkoa dela errespetuzko erauzketa-jarduera fosil bat, berau oinarritzen baita sortzen milioika urte behar izan dituzten baliabideak segundu gutxi batzuetan ustiatzean. Bere bizi-ziklo osoan zehar hainbesteko inpaktua duen jarduerak ezinezko egiten du petrolio-erauzketa ustiapen iraunkor eta garbi batekin lotzea.