argia.eus
INPRIMATU
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria
“Ezinezkoa da Beskoitzetik ikastola bat horrela kanporatzea”
  • Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura erakutsi dute, erabakita baitzuten auzapezarekin elkarrizketa prozesu bat hastea auzia konpontzeko, eta espero gabe eten die kontratua.

Leire Artola Arin 2023ko abenduaren 19a
Auzapezak proposatuta, Herriko Etxeak deliberatu du Beskoitzeko Ikastola egungo lurretatik kanporatzea, baimena eten baitie.

Beskoitzeko Ikastolaren eta herriko etxearen arteko harremana gaiztotuta zegoen lehenagotik, baina gurasoak ezustean harrapatu ditu azken erabakiak. Fabienne Ayensa auzapezak astelehenean proposatu du ikastolarekin zuten hitzarmena bertan behera uztea, alegia, ikastolari ez ematea baimenik lur horiek erabiltzeko aurrerantzean. “Segurtasun arazoak” eta tokia desegokia dela argudiatu du, besteak beste, eta hamalau hautetsik babestu dute deliberoa; lauk kontra bozkatu dute, eta Anne Marie Jocou hautetsiak dimisioa aurkeztu du segidan. “Ez ditugu herritarren aitzinean hartutako engaiamenduak bete, ez dut egiteko manera hau onartzen. Herritarrei gezurra erran diegu. Herritarrentzat lan egiteko engaiatu nintzen. Etsitua naiz”, azaldu dio Jocouk Ekhi Erremundegi Berriako kazetariari.

Sei hilabeteko epea dute beste hitzarmenen bat lortzeko, bestela, legez kanpokoa izango da ikastola egungo lurretan mantentzea. Gurasoak eta Seaskako ordezkariak haserre eta harrituta agertu dira, esanez “pentsaezina” zela Herriko Etxeak eurekin hitz egin gabe erabaki hori hartzea: “Gu ari ginen konponbide bat xerkatu nahian eta, horregatik, bitartekaritza bide bat martxan jartzea hautatu genuen”, argitu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Euskal Irratietan. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren bidez auzapezarekin elkarrizketa egitekotan zen Beskoitzeko Ikastola. Jorajuriak dio “sinesgarritasuna galdu” dutela auzapezaren hitzek, onartua baitzuen bitartekaritza, baina aldi berean hitzarmena etetea deliberatu baitu.

Oztopoen gainetik, ikastolaren defentsan

Hautetsiek azpimarratu dute ez dutela ezer euskararen ezta ikastolaren kontra ere, baina gurasoek salatu dute ikastolaren aurka argudio “arbitrarioak” erabiltzen dihardutela azken hilabeteetan, eta Herriko Etxeak oztopoak besterik ez dizkiela jartzen, hala nola eraikin berria egitea debekatu zieten urrian. Azaroaren 18an trabak salatzeko manifestazioa egin zuten 2.500 pertsona inguruk, eta haurrei babesa adierazi zieten.

Oraingoan ere borrokan jarraitzeko asmoa azaldu dute, eta Jorajuriak nabarmendu du argi duten puntu bakarra dela heldu den ikasturtean ikastola izango dutela: “Beharrezkoa da Beskoitzeko Ikastola eta dena eginen dugu hor atxikitzeko”.

Entzun hemen Euskal Irratiek Peio Jorajuriari egindako elkarrizketa osoa: