argia.eus
INPRIMATU
Ezin sinistu
  • Altsasun espetxeratutakoen senideekin hitz egin ondoren, kartzelan dagoen gazte baten bizipena.

Maria Benitez Frances 2016ko abenduaren 02a

Nire lagunak ezin zuen sinistu ziegako telebistan albistegian ikusten ari zena, Altsasuko gertakarietako Guardia Zibiletako batek edo bere neska-lagunak, ez omen du buruan, egindako kontakizun hura. Haiek ziegan egotean surrealismo puntu guztiak gainditu zituela uste zuen, baina  adierazpen horiek entzutean bere okerretik atera zuten.

Altsasuren fikziozko erdibitzeaz ari zen, zebra bide arriskutsuaz eta herrian bizi den tentsio eta beldur egoeraz. Noizbait Irlandan egon bazarete, segituan etorriko zaizkizue burura, hango kale luze eta auzo guztiz banandu eta konfrontatuak.

Altsasuko eta Nafarroako edozein pertsonak badaki eta adierazi du, baieztapen hauek faltsuak direla eta “parte abertzale” eta “parte nacional” delakoak ez direla existitzen, ezta existituko ere. Baina Altsasu ezagutzen ez dutenendako, prentsari esker espainiar estatuko gizarteari begira, zoritxarrez, kontakizunak bat-batean egi bihurtzen dira, baita sententzia mahai gaineratzen dutenean ere.

Nafarroako eta Euskal Herri osoko jendarteak argi duenean zerbait faltsua dela, Espainiar estatuko jendartearendako egi bihurtzen da.

Horregatik daude altsasuar gazteak oraindik espetxean, alde bateko kontakizun faltsuak egi bihurtu direlako beste batzuen begietan, arazoa hor dago:

Komunikabideek erakusten duen errealitateak, justiziak  berak baino indar gehiago hartzen duela.

Beraz, guztiok argi dugunean, Altsasun Gartzia Ximenez dela herria zeharkatzen duen antzinako N-1 errepidea, beste batzuek Belfasteko “Falls Road” irudikatzen saiatzen dira oraindik ere. Eta gure lagunek bitartean ziegatik jarraitzen dute  telebistan horrelako berriak ikusten.

Mila esker bihotzez larunbatean Altsasura gerturatutako guztiei, gure lagunak laster hemen izango ditugulakoan gaude.

Artikulu hau Guaixek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAk.