Duela bi urtetik dementzia garatzen ari da 71 urteko Jesús, Mari Carmenen senarra. Bien izenak aldatuak daude, emazteak hala eskatuta. Martxoaren 28an elkarrekin kalera atera ziren biak Gasteizen, etxe inguruan pasio labur emateko asmoz. Hori gomendatzen dute hainbat elkartek eta adituk, gaitzaren eta itxialdiaren ondorioak leuntzea xede. Udaltzaingoarekin egin zuten topo, eta tratu umiliagarria sufritu zutela salatzen dute. Ez da kasu isolatua. Dementzia gaixotasun bat duten pertsona gehienen antzera, asteotako konfinamenduak gaitzaren eboluzioa azkartzea eragiten ari zaio Jesúsi. Etxean itxita egotea ez da erraza, ez gaixoentzat, ez haiekin bizi direnentzat.
Zer gertatu zen martxoaren 28ko larunbatean?
Ez ziren 17:00ak izango. Egun osoa zeraman Jésusek "irten gaitezen, irten gaitezen..." eta, beno, AFARABAtik (Alzheimerra edota beste dementzia batzuk dituzten pertsonen senide eta lagunen Arabako Elkartea) gomendatua ziguten pasio txikiren bat emateko, gaixoen onerako. Beti ere gaixotasun horren ziurtagiri bat gainean eramanda. Badugu ospitaleko neurologoaren txostena eta horrekin irten ginen. Musika kontserbatorioaren atzetik joan ginen, ahalik eta jende gutxienak ikusi gintzan. Han gurutzatu ginen bi udaltzainekin.
Gazte batekin ari ziren hizketan, eta, moduak ikusita, pentsatu nuen: "Harrian jo dugu". Mutila txakur batekin zegoen, eta poliziak esaten ari zitzaizkion ohitu beharko dela txakurrak beharrak etxean egitera, usaina badago usaindu dezala... Gure txanda heldu zen gero.
Azalpenik eskatu zizueten?
Ea nora goazen, haiek. Jésusek erantzun zien: "Buelta bat ematera, eguraldi ona dago eta". Sinetsiko ez zenukeen tonuan hasi zitzaizkigun. "Zer ari zarete esaten? Baina zuek zer uste duzue?". Azaldu nien: "Txosten bat dut, eta esan digutenaren arabera pasio labur bat emateko aukera dugu". Atera nuen txostena udaltzainari erakusteko, eta hark: "Ez hurbildu, ez hurbildu, ez ukitu! Erakutsidazu, erakutsidazu!". Surrealista zen, ni papera erakusten eta bera metro batera irakurri nahian. Bitartean, bigarren polizia hasi zitzaigun: “Zuek zer uste duzue? Lotsagabe batzuk zarete, arduragabe batzuk, zuen erruz dago Txagorritxuko ospitalea gainezka eta jendea hiltzen ari da, zuen moduko jendearengatik, arduragabeak!". Esan nion: "Jakinaren gainean nago, baina gure egoeran osteratxo laburra egitea gomendatu digute". Tonu berean jarraitu zuten: “Zuek arrisku profila duzue adinagatik, Txagorritxun ingresatuko zaituztete, eta ikusiko dugu handik irteten zareten”. Eta Jesús, gertatzen ari zenaz jabetzeko aukerarik gabe, "Bai, egiteko ohitura dugu". Eta poliziek, baita txostena irakurri zuenak ere, "Entzuten duzu dioena? Isil zaitez egoera izorratzen ari zarela, isil zaitez!". Nik ordurako ahotsa urratuta nuela esan nien: "Zuek uste duzue gustua ematearren irten garela?". Zakar jarraitu zuten, "Horrek 1.200 euro merezi ditu. 1.200 gaur, bihar 6.000, eta etzi gehiago". Batek oihuka hitz egiten zuen, ni lotsatuta, etxeetako jende guztiak entzungo gintuelako.
Ezin nuen sinetsi nola ari gintuzten tratatzen. 15 minutu edo izango ziren, ez pentsa unetxo bat izan zenik. Niri esaten badidate horrela ere ezin dugula irten, edo are isuna jartzen badidate ere, beno, kontziente naiz egoeraz. Alde guztietatik eman ziguten!
Eta nola amaitu zen elkarrizketa?
Etxera alde egiteko agindu ziguten. "Alde etxera! Eta gurekin egin duzuelako topo, beste kide batzuekin izan balitz 1.200 euroko isuna jarriko zizueten". Eta guk, "bale, ez da berriz ere gertatuko, bagoaz etxera".
Nola sentitu zinen?
Min gehien egin zidana da Jesúsi esaten ziotenean, dementzia duela irakurri ostean jada, "Isildu zaitez! Isildu zaitez! Okertzen ari zara!". Txostena irakurtzean esan zidan poliziak, "baina hau 2018ko urrikoa da!". Ahotsa apurtuta erantzun nion: "Eta zuk uste duzu ordutik hobera egin duela?".
Inpotentzia izugarria sentitu nuen. Eta tristezia. Isuna jartzen badidate amorruarekin noa etxera, baina listo. Ezin bada irten ezin da, baina modu horiek... oso zakar portatu ziren gurekin. Nola izan daiteke?
Irteteko beldurra duzu orain?
Noski. Ordutik behin bakarrik atera gara etxetik, gaur [apirilak 7], ondoko herrian ditugun animaliei jaten emateko. Tentsio izugarriarekin, errepidean polizia gurutzatu eta ikara betean, munduko gauzarik okerrena egiten ariko banintz bezala. Ez digu merezi irteteak.
Dementzia duten pertsonak okerrera egiten ari dira konfinamendu egoeran, oro har. Zure senarra ere bai?
Bai, asko. Gaur hitz egin dut familia medikuarekin, eta esan dit hori dela normala. Errutina guztiak egun batetik bestera apurtzearen ondorioa da. Jesusek aktibitate asko zuen. Astean bitan mendira joaten zen, kantua, lagunekin pintxo potea...
Egia da etxe inguruan buelta labur bat egiteak ez lukeela joera asko aldatuko. Beste kontu bat litzateke egunero tarte luzeago batez irteteko errutina hartu ahal izatea. Baina ezin dugu horrelakorik egin. Medikuak esan dit ez irteteagatik biolento jartzen bada egingo didala beste txosten bat edo, baina Jesúsek ez du portaera hori.
Gogorra izan behar du hori guztia bizitzea...
Bai, konplikatua da. Alaba etortzen da egunero eta ariketak jartzen dizkio Jesusi, egiten ditugu luzaketak, beste elkarrizketa batzuk izan ditzaket. Igandean ez zen etorri. Eta, Jesús, "Zer jantziko dut?, zer egingo dugu? Ez goaz kafe bat hartzera? Zer egingo dugu?", tonu onean, baina etengabean, "Ondo noa horrela? Zer egingo dugu?", telebistari hizketan, "Beno, gu bagoaz osteratxo bat egitera". Lurra jo nuen egun hartan. Jakina, ez du ulertzen zergatik ezin dugun irten. Azaltzen diodanean ulertzen du, baina bi minututan ahaztuta dauka. Arratsaldeak eman ditu aterkia hartuta eta txamarra jantzita, atea ireki eta itxi. Gogorra da, bai. Agian egunero bi orduz irtenez gero baretuko litzateke, baina egun batetik bestera moztu dugu edozein jarduera eta horrekin kaltea handia da.
AFARABAtik adierazi dute poliziarekin mota honetako arazo bat baino gehiago egon dela, hainbat isun jarri dizkietela gaixoen senideei, egoera larriak izanik ere.
Nik deitu nion AFARABAko psikologoari. Niri gertatutakoa kontatzeko eta, ikusitakoak ikusita, irteteko gomendiorik ez egiteko. Esan zidan ez zuela harritzen niri gertatutakoak, ordurako bazuen beste gertaera batzuen berri.
Zure alabetako batek Udaltzaingoari deitu zion informazio eske, ezta?
AFARABAtik Udaltzaingoaren telefono zenbaki bat eman ziguten, argibideak bertan eskatzeko. Alabak deitu zuen, eta erabat desatsegina izan zen. Zakar eta inongo sentsibilitaterik gabe hitz egin zioten. "Andereño, gerran gaude, zer ari zara esaten kalera irteteaz?", eta antzekoak esan zizkioten. Jarrera erabat alarmista eta muturrekoa. Nik uste dut Udaltzaingoa ez dagoela horretarako.