Justizia eta aitortza eskatu dituzte Pasaian eraildako senideek Donostiako Auzitegi aurrean, errekonozimendu saioa egiten ari zirenean. Bertara deitutako zazpi polizietatik hiru baino ez dira agertu auzitegira.
Pasaiako segadan parte hartu zuten Espainiako poliziak identifikatzeko saioa egin dute Donostiako epaitegian, gertakariak jazo zirenetik 39 urte pasatu direnean. Bi lekukok hartu dute parte, Joseba Merinok eta Rosa Jimenok, baina ezin izan dute agertu direnetako inor identifikatu. Komando Autonomoetako lau kideen hilketekin lotuta egon daitezkeen hiru polizia egon dira saiotan, eta azaldu ez direnak identifikatu ahal izateko, beste bi errekonozimendu saio gehiago egingo dituztela jakinarazi du hildakoen familia abokatu Santiago Gonzálezek.
Errekonozimendu saioa egiten ari zirela, atarian, senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute. Lau hildakoen autopsien erreprodukzioak erakutsi dituzte afixetan, eta "Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu" lema ere zabaldu dute.
Jaurlaritzari konpromisoa eskatu diote
"Estatu biolentziaren kasu paradigmatikoa" dela nabarmendu du Pello Aizpuruk, Dionisi Aizpuru zenaren anaiak, "bahiketak, torturak eta erailketak" daudelako kasu honetan, eta gaineratu du esparru judizialari dagokionez esperantza handirik ez duela, nahiz eta zirrikitu bila jarraituko duen.
ARGIAn elkarrizketatu genuen Pello Aizpuru: "Biktimei dagokienean, instituzioek ez dute berdintasunez jokatzen"