Ezgaitasuna duen ume azkoitiar baten aitak gutun bat bidali dio Maxixatzeni, joan den igandeko Ikaskiroleko krosean bizitakoaren harira. Ezgaitasuna duen ume baten guraso izatearen ikuspegia azaltzen du bere iritzi artikuluan: "Guri tokatzen zaigu gure umeak, nahiz eta behar bereziak izan, gizartearen parte direla eta gizartearen parte izan behar dutela aldarrikatzea, eta, ondo edo gaizki, horretan saiatzen ari gara".
Honako gutun hau bidali dio ezgaitasuna duen umearen aitak Maxixatzeni:
Urtero bezala, joan den igandean umeen krosa izan zen Azkoitian, eta gure seme Lukenek lehenengo aldiz parte hartu zuen. Bere domina eta Coca-Colarekin pozik etxera bueltan gindoazela, bi amona zihoazen pauso makalean, eta, haiek aurreratzen ari ginenean, batek honela esan zion besteari:
- Han! Hor zien atxintxike azkena zijuen umie…
- Ah.. beittu, laguntzikin zijuena.
- Bai, autistie.
Buelta eman eta amonari pare bat gauza esatera nindoanean (bata, berak uste baino gertuago geundela ez entzuteko eta bestea, nire semea autistie ez zela, nire semea Luken dela eta autismoa duela), hauxe esan zuen:
- Lehen etxien sartuta ixkutaute izaten zizkinaben, eta orain behintzet hor ibiltzen ditun...
- Egixe.
Amona hark (laurogei urteren bueltan ibiliko zen) atera zuen ondorioarekin hitzik gabe utzi ninduen: arrazoi zuen. Ezer esan gabe berriro buelta eman eta etxeranzko bidea hartu genuen, gogoetan.
Gaur da amona hari eskerrak eman behar dizkiodan eguna, haren hitzek bultzatu bainaute idatzi hau egitera.
Bai, nire seme Luken zen igandean laguntzailearekin (mila esker, Mikel) irten zena erdi korrika erdi oinez eskolarteko krosean, eta bai, autismoa du. Zuen artean ginen gu ere publiko bezala, baina era ezberdinean; ibilbidean zehar puntu ezberdinetan geunden kokaturik badaezpada, badaezpada gure semeak ez bazuen bukatzen, badaezpada laguntza behar bazuen, badaezpada urduritzen bazen… Beti bezala, badaezpada.
Gure aurretik pasatu zenean, ezagutzen dutenek izugarri animatu zuten gure semea (bihotzez eskertzekoa da); ez zutenek ezagutzen, aldiz, harriduraz begiratzen zioten, eta seguru asko aldamenekoari galdetuko zioten: "Nor da ume hau?", "Zer dauka?", "Zeinena da?"… Seguru hasieran komentatu dudan amonak ere horrelako zerbait galdetu zuela, eta normala iruditzen zait. Guretzat oso momentu hunkigarria izan zen: han zegoen, “contra todo pronóstico”, gure semea, denen aurrean, ahal zuen moduan korrika, laguntzailearekin, bere intentzio guztiarekin, azkena… Geroago, etxean hirurok onartu behar izan genuen pozez hunkituta negarrari ezin eutsirik egon ginela; bai, hirurok, arreba ere bere lagunekin helmugan baitzegoen anaiari adi.
Helmugatik pasatu orduko domina zintzilikatu eta Coca-Cola eskuan jarri ziotenean gure semeak egin zuen irrifarreak ez zuen preziorik. “Luken, campeón del mundo!”, zioen, barrez.
Guretzat, amona hark komentatu zuen bezala, askoz errazagoa izango litzateke igande goiz hartan etxean egon izan bagina, hau da, gure semea etxetik ez bagenu aterako. Egia esan, batzuetan tentagarria da, errazena, eta, seguru asko, orain dela urte batzuk “derrigorra”.
Amonaren garai haietatik, zorionez, gauzak asko aldatu dira, eta behar bereziak dituzten umeentzat itxita zeuden ateak irekitzen joan dira pixkanaka-pixkanaka (Hezkuntzan, Osakidetzan, laguntza sozialak…). Gure aurrekoek beren ume “bereziak” gizarteratzeko egindako ahaleginei esker izan da, seguru. Eskerrik asko.
Orain, guri tokatzen zaigu gure umeak, nahiz eta behar bereziak izan, gizartearen parte direla eta gizartearen parte izan behar dutela aldarrikatzea, eta, ondo edo gaizki, horretan saiatzen ari gara: krosa, igeriketa ikastaroak, Uztaila Jolasean, ludoteka, musika eskola, Ikasjolas, igeri eskola… Batzuetan ateak ireki zaizkigu, eta beste batzuetan irekitzen joango gara pixkanaka.
Dudarik ez bide hau bakarka askoz zailagoa egingo zaigula, eta, horrexegatik, Maxixatzenek ematen didan aukera hau aprobetxatu nahiko nuke ezgaitasunen bat duten umeen gurasoei bide hau elkarrekin egiteko gonbita luzatzeko. Elkar gaitezen, elkar ezagutu, gure umeen beharrak aztertu eta dagokion lekuan aldarrikatu (Azkoitian 0-17 urte bitarteko umeen %2k ezgaitasuna onartua dute).
Bukatzeko, eta ez luzatzearren, eskerrak eman nahi nizkioke Xabier Munibe Ikastolari, gure semearekin egiten ari den lan paregabea azpimarratuz. Aparteko lantaldearekin bizi izan ditugu gure umearen urte “zailenak”. Mila esker zuzendaritza taldeari, Txaro, Eskarne, Nerea, Iñigo, Inma, Jaione, Maje, Itxaso, Karen, Ane, Alazne, Mikel, Marikarmen… (norbait ahaztuko dut, seguru).
Eskerrak gure semearen gelako umeen gurasoei ere. Zuen seme-alabek Luken maite duten bezala maitatzea eta errespetatzea ez da ikastolako gauza bakarrik; etxean erakutsitako balioen islada ere bada neurri handi batean.
Eta bihotzez eskerrak, nola ez, zuri, Josune: zu gabe ez genuke lortuko.
Lukenen aita.
Albiste hau Azkoitiko Maxixatzen-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.