argia.eus
INPRIMATU
Ezetzak erreferendumean izaniko indarrak Renziren dimisioa eragin du
  • Italiako lehen ministro Matteo Renzik dimisioa aurkeztuko du Italiako Konstituzioa aldatzearen inguruko erreferendumean ezetza gailendu ondoren. Bozen ia %60 lortu du oposizioak defendatzen zuen ezezkoak, %68ko parte hartzearekin.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 05a
Renzi dimisioa aurkeztuko duela azaldu duen prentsaurrekoan.

Renziren gobernuak bultza nahi zuen konstituzioaren erreformak 139 artikuluetatik 47tan aldaketak eragingo lituzkeen. Besteak beste senatuaren funtzio legegilearekin amaitu nahi zuen, gobernuak lege berriak onartzeko erraztasun gehiago izateko.

Gaueko hamabiak igarota, oraindik emaitza ofizialak argitaratu gabe, Renzik bere porrota onartu eta astelehenean Sergio Mattarella errepublikako presidenteari bere dimisioa aurkeztuko diola aurreratu zuen: “Nire gobernuaren esperientzia hemen amaitzen da”.

Orain, presidentearen esku dago Italiaren etorkizuna. Dimisioaren alternatibetako bat Alderdi Demokratak eta Zentro-eskuin Berriak osatutako koalizio gobernuak jarraitzea da, lehen ministro berri batekin.

Forza Italiatik eta 5 Izarren Mugimendura, oposizioak blokean egin du Renziren dimisioaren alde. Legealdia 2018ko otsailean amaitu beharko litzateke, baina hauteskundeak aurreratzeko aukerak gora egin dute. 5 Izarren Mugimenduko buru Beppe Grillo hauteskundeak “lehenbailehen” egitearen alde agertu da.

Europar Batasunaren aldeko gobernuburua izan da Renzi eta bere dimisioak beste krisi egoera bati ireki dizkio ateak. Brexitaren kolpetik errekuperatu ez den EBk beldur handiz ikusten zuen erreferenduma eta baietzaren porrotak zalantza piztu du euroguneko hirugarren potentzia ekonomikoaren inguruan. Eskuin muturreko Liga Norte alderdiko Matteo Salvinik “eurokrazia eta  botere finantzarioak” ere garaituak izan direla adierazi zuen.