Aspaldi idatzi nuen orriotan Donostia eta Orereta arteko talde xelebre honetaz; xelebre diot taldearen sortzea eta eskaintza bera ezohikoak direlako eta beti-beti umorea dutelako ikur nagusi. Ez da gutxi bizi dugun garaiotan! Taldekide gehienak punk eta rock indartsuetan arituak dira (Plan B, Teen Dogs, Nuevo Catecismo Catolico, Supersweet…) proiektu oldarkorretan, baina oraingoan lotsarik ez eta estilo oso propioa duen abeslari batek (Txema) lagunduta, bestelako sonoritateak lantzen dituzte, lehengotik ere edan arren, ye-ye, sixties-ak, garagea eta psikodelia, esaterako, oso presente dituztenak.
Orain arte singleak kaleratu izan dituzte eta oso harrera ona izan dute. Baina oraingoan, soinua gehiago janzten duen Alvaro teklistarekin –kide berria–, disko luzea grabatu eta argitaratu dute: 11 kanta, umorea, kaleko existentzialismoa eta soinu paleta oso zabala aurkezten dituena.
Donapaleu instrumental dotorea da, hit!a, The Who gogora ekartzen duena eta hastapenetako Sex Museum-en orgian amiltzen dena; hasiera ederra. Megaton ye-ye parrandari buruzkoa da –gai kuttuna taldearentzat– eta jai giroko garagea da, Tequilaren rock-and-rollarekin ere dantzatzen dena. Hello! Agur! desamodioa garage klasiko ilunarekin bustitakoa. Así así Monster Magnet-en pareko riff batekin high-energy eta rock-and-rollaren artean ezbaian dabilen maitemina. Sr. Juez kartzelen kontrako post-punk aldarria Stooges-en gisa kiribiltzen dena. Nuevo lugar kantu sixties baikorra eta distiratsua, Lizzy-ren riffak ere ospatzen dituena. Bruja eskola zaharreko rock gogor eta ia punk-rockeroa hard-etik ere gustura mozkortzen dena. Muero en primavera alergiadun baten bizipenak bere hartuta itzalean arrisku asko gordetzen dituena: Santi Magmaren eragina, B52 eta psychobillya, besteak beste. Silencio solar flower-power tematika ekologista aldarri –itzelak hitzak- 60ko garage-popa eta Seguridad Social-en melodia castizo-a ezkontzen ditu. El regalo garagardozaleen hit! parrandero eta gitarreroa. Eta, azkenik, Donamateu itzulerarako instrumental ero eta bizia.