argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Ezer erabaki aurretik, deitu Pedro Sanchezi
  • #m26-ko gauean hedabide espainiarrek 1930eko hamarkadako kontzeptu bikoitza berpiztu zuten: “las derechas” eta “las izquierdas”. Baliteke datozen hilabete eta urteetan berriro nagusitzea kontzeptuok, España versus ez-España aldarrikapenen inguruan gero eta gotortuago eta pixkanaka Europatik indarrez datorkigun europazaleak versus euroeszeptikoak binomioarekin gurutzatuta.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2019ko maiatzaren 27a

Ada Colauk Bartzelonako alkateak, 2008ko krisitzarrak berotutako marea ezkertiar-aldazaletik duin geratu den agintari bakarretakoak, uhin independentistak bataila irabazi diola aitortuz zorrotz laburbildu du 2019ko maiatzeko egoera: "Han canviat les prioritats de l'agenda política". Katalanez ez dakitenek ere ongi ulertzen dute, hain da orokorra…

Jendearen haserrea kapitalizatu zuen Podemos fenomenoak ez du funtsik erakutsi, komunikazioan ekarritako berrikuntzez gain, eta hura hondoratzearekin bateratsu indartu da Vox neofaxista. Aldaketa esperimentuak haizeak eraman ditu Podemosen oinarritzen ziren instituzioetan eta gudu berrietarako bizirik geratu dira soilik ezkerretik profil autonomo garbia daukatenak, Bartzelonan bezala Valentzian edo Cadizen.

Espainian ezkerra esatea gaur PSOE eta Pedro Sanchez esatea da, alderdian mututu zaizkio lotsagabeak, Europako establishment sozialdemokrata + liberalaren erreferentzietako bat da. Aldi berean, aurrean dauzka las derechas, oroitzapen gaiztoenak pizten dituen eskuin-eskuineko multzoa, PP hainbat instituziotan egonkortuta, Cs hizkera zentrista aparkatuta eta Vox neofrankismoa konplexu barik instituzio guztietaraino eramanez. Trifatxitoa berez itzaliko zelakoan, ala?

Ezusteko asko gerta litezke penintsulan Espainiako estatuaren instituzio gehienak berrantolatu behar diren honetan, jokoan baitaude Espainiako gobernu, udal, diputazio, horien inguruko zientoka erakunde, hainbat autonomi elkarte… ahaztu gabe gure eguneroko bizitza arautzen duen Europar Batasunaren agintaritza. Eta 1936an bezala, geopolitika ere jokalari ariko da zezen-larru maitearen edozein partidatan, Hego Euskal Herrikoetan barne.