Ia zortzi milioi txiletarrek ezezkoa eman diote konstituzio proposamenari. Gabriel Boric presidenteak konstituzio-prozesu berria eta aldaketak iragarri ditu bere gobernuan.
Chicago Boys izeneko taldeak diseinatu eta Augusto Pinochet diktadorearen erregimenak indarrean jarri zuen Txileko konstituzioak bere horretan jarraituko du momentuz Txilen. Irailaren 4an egindako plebiszituaren emaitza argia da. %99,99 zenbatuta, 7.878.434 pertsona kontra agertu dira eta 4.855.507 alde.
Ezezkoaren aldekoak Santiago hiriburuan eta beste zenbait hiritan kalera atera dira ospatzera.
?? | "El que no salta es comunista": Siguen los festejos en Chile por el triunfo del Rechazo contra la Constitución de extrema izquierda. pic.twitter.com/42zU0ePjD5
— La Derecha Diario (@laderechadiario) September 5, 2022
Atsekabea nabarmena izan da aldaketaren alde egin dutenen artean, azken txanpan mobilizazio gaitasuna erakutsi duten arren, ez baitute lortu duela zenbait hilabetetatik inkestek erakusten zuten dinamika iraultzea.
Ezezkoa defendatu dute herrialdeko botere ekonomiko eta ia komunikabide hegemoniko guztiek, horien buru nabarmenduz, El Mercurio egunkaria. Eskuineko aliantza horrentzat, galtzailea Gabriel Boric presidentea izan da, aldaketaren testua babestu zuelako. Honek baina, ezezkoak irabazita ere bidea prestatua zuen. "Txileko herriak hitz egin du, modu indartsu eta argian –adierazi du–. Txiletarrek beste aukera bat eskatu dute elkar aurki dezagun, eta maila eman behar dugu", adierazi du telebistan emaitzak jakin berritan.
Presidenteak prozesu konstituziogile berria iragarri du, baita aldaketak ere bere gobernuan.
Los anhelos de cambio y dignidad exigen a nuestras instituciones y actores políticos que trabajemos con más empeño, diálogo, respeto y cariño, hasta arribar a una propuesta que nos interprete a todas y todos. Para allá vamos. Que viva la democracia y que viva Chile! pic.twitter.com/f5rQv2G5mJ
— Gabriel Boric Font (@gabrielboric) September 5, 2022
El Rechazo kanpainak lortu du konstituzio berriarekiko beldurra astintzea. Batez ere bi ardatz nagusiren inguruan egin dute lan: batetik, jatorrizko herrien eskubideen aitortzaren inguruan, maputxe herriarekiko harremanetan aldaketa nabarmena zekarrena. Eragile maputxe nagusiek konstituzio aldaketaren aldeko posizioa hartu eta kanpaina egin dute. Bigarrenik, abortatzeko eskubidea, Latinoamerikako eskualdeko gai nagusia dena.
2020ko urrian ia sei milioi txiletarrek –botoa eman zutenen %78k– konstituzio berria idaztea onartu zuten erreferendum bidez. Irailaren 4ko emaitzen ostean, nahiz eta Boric presidenteak esan prozesu berri bat jarriko dutela abian, ez dago garbi nola izango den honen hasiera.
Atzera botatako konstituzioa batzorde parekide batek idatzia zen, erdia emakumeek osatua lehen aldiz munduan eta hamazazpi eserleku gordez indigenen ordezkaritzarako. Maputxeen buru bat, Elisa Loncon, batzordeko lehen presidentea izan da. Eskuinak, ordea, lehen minututik prozesua boikotatu du eta komunikabideetan zabaldu testu maximalista zela.