argia.eus
INPRIMATU
#EzDuguAhaztuko: Krisiaren ondorioak zerrendatzeko kanpaina abiatu dute Frantziako Estatuan
  • On n'oubliera pas! kanpaina sareratu dute: "Oso azkar, dena ahaztu nahi izango dute. Guk ez ordea. #EzDuguAhaztuko", irakur daiteke beren webgunera sartu eta berehala. 'Post-it'-etan osasun krisi honetatik ateratako ondorioak idatzi, eta sare sozialetan argazkiak igoz ideiak kolektibizatzea da asmoa.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko apirilaren 08a
Jendea sarera argazkiak igotzen ari da Ez Dugu Ahaztuko mezuarekin.

Euskaratu egin dugu kanpaina aurkezteko darabiltzaten testua. Jarraian, osorik irakurgai:

"Zer egin, konfinamendu garaiotan, ez bada gero datorrena prestatzea? Horregatik, gure memoriarako eginbeharra jorratuko dugu. Izan ere, oso azkar ahaztu nahiko dute, ezabatu: ahaztu beren ezgaitasuna, "ez dago testak egin beharrik", "ez da maskaren beharrik", esan ziguten, beren eskasia "doktrina" bilakatuz. Ahaztu ezazu koronabirus garaietan Frantzia aurrera atera dela ondorengoen bizkar: simili-smicards, zaintzaileak, supermerkatuetako ordainlekuetako langileak, banatzaileak, garraiolariak. Ahaztu ezazu hitz eman zutela, nahiz eta une labur batez, ekonomiak jada ez zuela bizitza zapalduko.

Parte hartzeko: idatzi sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram...) #OnNoublieraPas traola erabiliz. Igo zeure buruaren argazki bat post it batekin, non idatziko duzun zure haserrearen adibide bat, edo oinarri berrien gainean etorkizuna eraikitzen jarraitzeko esperantza bat.

Inspirazioa falta zaizu? Badugu zenbait adibide zuzenean txiokatzeko. Ez daukazula post-it-ik etxean? Edozein pantaila erabil dezakezu pertsonalizatutako mezua zabaltzeko."

Sarean dagoeneko dozenaka dira ospitaleetatik, beren etxeetatik, lanpostuetatik... bidaltzen ari diren mezuak. Lotura honetan ikus daitezke.