argia.eus
INPRIMATU
Ezagutzen ez dugun bizilaguna
  • Euskal Herrian dauden sugandila espezieetatik, gizakiaren begietara arruntena da horma-sugandila. Arre kolorekoa da batzuetan, berde puntu batekin besteetan, eta aldeetara eta bizkar gainean, marra edo orban ilunak izan ohi ditu. Sugandila guztiek bezala, hatz luzeak ditu, eta ezkatez babesturiko gorputz arina, isatsaren laguntzarekin mugimendu azkarrak egiten laguntzen diona.

Iñaki Sanz-Azkue 2023ko azaroaren 06a
Horma-sugandila. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue.

(argazkia: Iñaki Sanz-Azkue)

Horma-sugandila (podarcis muralis)

Taldea: Ornoduna / Narrastia

Neurria: 7 cm inguru isatsik gabe.

Non bizi da? Baso, harkaizti, belardi eta eremu urbanoan.

Zer jaten du? Ornogabe txikiak.

Babes maila: Europan babestua.

 

Arrunta izanagatik, ordea, ezin esan espezie ezaguna denik. Sugandilak maiz ikusten ditugun arren, ez baitiegu arreta askorik jartzen, ez herritarrok, ez ikertzaileok ere, kosta egiten baitzaigu mehatxatua ez dagoen horri begiak jartzea. So egingo diegu, agian, arrak udaberriko borrokekin hasten direnean, edota haiekin jolasean dabilen umeak isatsa kendu eta behin gorputzetik banatuta nola mugitzen den behatzen dionean, baina… ezagutzen al dugu horma-sugandila?

Horma-sugandilak, izenak dioen bezala, hormak ditu gustuko, eta hargatik, gure etxe, baserri edota inguruko paretetan gehien ikusten dena da. Basoko argiguneetan, ezpondetan, egur artean edota zelai ertzetan ere ikus daiteke. Burua zapala du, baina muturra ez puntaduna, zirrikitu handi samarretan sartzeko adinakoa. Horma-sugandilak, ezkutalekua bilatzen du gune horietako zuloetan eta jana inguruetan. Zomorrojale amorratua baita.

Narrasti guztiek bezala, beroaren premia izaten du gorputza berotzeko eta egunari ekiteko. Hala, bero hori eguzkitik jaso dezake, eta horretarako, zapal-zapal eginda topatuko dugu eguneko lehen izpiekin, denbora ahalik eta gutxienean, ahalik eta azkarren berotzeko asmoz. Ektotermoa denez, bero horrek lagunduko dio gorputza aktibatzen eta orduan hasiko da ehizan, jan bila, indartzeko eta udaberriko ugal garaiari aurre egiteko.

Udaberrian, arrek lekurik onena hartu nahi izaten dute. Leku egutera, babeslekuekin harrapakarietatik ihes egiteko, baina era berean, jatena ugaria duena. Beraz, ez da harritzekoa arren arteko borrokak ikustea, haien artean hozkaka, nork tokirik egokiena lortuko. Arrautzak jartzeko, horma zaharretako arrakala lehorrak erabiliko dituzte, edota harri eta enbor azpiak. Eta hala, tamaina oso txikiko arrautzatxoek busti gabe iraungo dute baina beharrezko hezetasun minimoarekin. Bertatik sortuko dira sugandila oso txikiak, jada gurasoen beharrik izango ez duten narrasti independenteak.

Europa hegoaldeko herrialdeetan ikus daitekeen espeziea da horma-sugandila. Mediterraneo aldean,  altueran gora jo behar izaten du behar dituen baldintzak bilatzeko. Hala, ez da harritzekoa Iberiar penintsulako leku askotan horma-sugandila mendi garaietan baino ez aurkitzea.

Espezie arrunta izanagatik, interesarekin begiratu beharrekoa da. Europa mailan babestua, baina gutxi ikertua da gurean. Izan ere, espezie mehatxatuei arreta jarri izan diegun bitartean, ezezaguna zaigu askotan arruntenen egoera. Hargatik, etxeko ondoko horman sugandila ikusten duzun aldiro, gogoratu, espezie horrek merezi duela begirada bat, segundo bateko behaketa, sikiera, gure ingurumenaren parte dela guk ere sinesteko.