Azkeneko hilabeteetan, maila instituzional ezberdinetako gobernuetatik unibertsitateko hezkuntzarekin lotutako hainbat proiektu aurkeztu dira, etorkizuneko Bilbo ezagutzaren hiri moduko baten antzera azalduz.
Turistifikazioaren garaian, ez da berri txarra gobernuek beste motatako jarduera ekonomikoetan pentsatzea, batez ere ikerketa eta hezkuntza ardatz nagusi moduan dituzten jarduera ekonomikoak badira, baina larritzekoa da aurkeztutako ekimen guztiak pribatuak izatea.
Egun, Bilboko udal gobernutik, zazpi proiektu mahai gaineratu dira: Digipen, bideojokoen diseinurako unibertsitatea; Kunsthal, goi mailako diseinu zentroa; Mondragon Unibertsitateko As Fabrik; Londreseko bi diseinu eskola; Nafarroako Unibertsitatea arkitektura eta diseinuko master ezberdinekin; Deustuko Unibertsitateko Medikuntza fakultatea. Proiektu pribatuak denak, ordainezinak diren gradu eta masterrekin. Orokorrean, 5.000 eta 10.000 euro bitarteko kurtsoetaz ari garela gogoratu beharra dago.
Bitartean, unibertsitate publikoko campus nagusia, hiritik 12 km-tara kokatzen da, frankismoaren garaian sortutako dekretu bati jarraituz, zehazki 1943.urteko “Unibertsitateen Antolamendurako Legea” jarraituz. EHU-UPVko ikasleek urteak daramatzate unibertsitatera heltzeko dituzten arazoak salatzen, egunero jendez gainezka dauden autobusetan ia ordu beteko bidea egin behar dutelarik. Era berean, zenbait fakultateetan barrakoietan ematen dituzte klaseak eta hainbat ikasgelen egoera zaharkituak ikasle zein irakasleen egunerokotasuna oztopatzen du.
Gauzak horrela, orain dela hainbat urte, Leioako campusa Bilbon kokatzeko proposamena helarazi zen EHUtik baina badirudi proiektu hori urrun dagoela, batik bat unibertsitate publikoko Medikuntza Fakultatea hirian kokatzeko ekimena bertan behera geratu dela ikusita. Unibertsitate pribatuak gure hiriko espazio edota bere momentuan udal eraikinak zirenetan finkatzen diren heinean, unibertsitate publikoaren etorrera gero eta urrutiago somatzen da. Arangoiti auzoan kokatuta zegoen EHUko Magisteritza Fakultatea Leioara eraman zuten bitartean, Arangoiti bertatik ikusi daitezkeen hiri eremuetan Mondragon edo Deustuko Unibertsitateko fakultateak eraikiko dira.
Deustuko Erribera, batzuek Zorrotzaurre deritzotena, aukera urbanistiko egokia zen EHUk planteatutako proiektua aurrera eramateko, baina gobernutik, auzoa hezkuntza pribatuaren esku uztea nahiago izan dute. Hiritarren gehiengoak ordaindu ezin ditzakegun ikasketak eskainiko dituzten zentroen aldeko apustua egin dute gobernutik, auzokide eta hiritarron iritzi eta beharrak kontuan hartu gabe, ezagutza elitistarako irla bat sortuz.
Iritzi testu hau Uriola-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.