argia.eus
INPRIMATU
Irati Zuriarrain (Kontseilu Sozialista Goierri)
“Ez zaigu zilegi iruditzen are gehiago ordaindu behar izatea”
  • Goierriko Kontseilu Sozialistak A-636 errepideko bidesaria bizitzaren garestitzearen adibide bat gehiago dela dio. Hilabete daramate peajearen aurkako protestan; ostiralean 19:30etan elkarretaratzea egingo dute Urretxu-Zumarragako Areizazga-Kalebarren plazan.

Goierriko Hitza @goierriHitza Kerman Garralda 2021eko abenduaren 17a
Irati Zuriarrain (Argazkia: Goierriko Hitza)

Errepideek kostu bat dute. Doakoa izanda, nola finantzatu?

Galderak berak jakinekotzat jotzen du guk ordaintzea nahi duten bidesariak errepidearen mantenua duela helburu. Diputazioak aurkeztutako legedian dirua mantenura bideratuko dela jarrita ere ez daukagu horren kontrol errealerako baliabiderik, ezta urte batzuen buruan hala jarraituko duen bermerik ere. Hor dauzkagu Europar Funtsak eta inposatuko dizkiguten baldintzak batetik, eta espainiar gobernuaren erabakia autobide guztietan bidesariak jartzeko bestetik. Errepide horiek, lehen bezala orain, langile-klaseak ordaintzen ditu, eta ez dugu uste zilegi denik are garestiago ordainaraztea. Mugikortasuna eskubide bat da, eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izan behar da.

A-636 errepideak zerbitzu gehiago izango ditu ordainpekoa bilakatzen denean: asfalto berria, hartatze-sistema azkarragoa… Ez al du merezi?

Promesak dira oraingoz. Eta hala balitz ere, uste dugu langile-klaseak ordaintzen dituela zerbitzu horiek guztiak orain ere, eta ez zaigu zilegi iruditzen are gehiago ordaindu behar izatea.

Seguruagoa izango da.

Ordaintzen duenarentzat izango da seguruagoa; ordaindu ezin duenarentzat edo nahi ez duenarentzat arriskutsuagoa. Zergatik ez da orain seguruagoa? Asfaltoa, peraltea… zergatik ez dituzte ondo jarri azken urteetan?

Errepide zaharrak gurutzatzen dituen herrietan zein eragin izango du?

Ziur gaude erabilera handituko dela. Gainera banaketa bat emango da, baliabide gutxien dutenen joera errepide zaharra hartzekoa izango baita. Pentsatzekoa da horietxek izango dituztela auto kaskarrenak ere, besteak beste, segurtasun arriskuak are gehiago handituz. Aipatutako gidariez gain, tarteko herri eta auzoetako bizilagunen segurtasun eta erosotasunean izango duen eragina ere kontuan izatekoa da. Trafikoa igotzeak nahitanahiez ekarriko du arriskua.

Garraio publikoa ez duzue aukera gisa ikusten?

Garraio publikoak gaur-gaurkoz muga nabarmenak ditu. Ehundaka langilerentzat ez da soluzio bat. Beste kontu bat garraio publikoaren prezioa da…

A-636 errepideko bidesaria bizitzaren garestitzearen adibide bat gehiago dela diozue. Nola kontrolatu daitezke prezioak? Nola gizendu soldatak?

Honekin lotuta dago guk mahai-gainean jarri nahi dugunaren mamia. Bizitzaren garestitzea, Ongizate Estatua desegitearen eskutik datorrena, ez da hango edo hemengo legebiltzar edo parlamentu batean hartutako erabakiekin etengo. Instituzio burgesetan egiten den politikak muga zehatz eta nabarmenak ditu, eta maniobrarako tarte estua. Bidesari honi dagokionez alderdi politiko guzti-guztiek hartutako posizioan ere ikusi dugu hori.

Auzia antolakuntza politiko komunistarekin lotu duzue.

Peaje hau gelditzea hobekuntza txiki baina efektibo bat izango da askoren bizitzan. Baina berekin ekarri behar du, halabeharrez, borroka orokorrago baten indartzea. Gizarte antolamendu honen oinarriak aldatu ezean bata bestearen atzetik etorriko zaizkigu horrelako atzerapusoak: izan peajea, erregaien eta elektrizitatearen garestitzea edo Zumarraga erdian jarriko diguten errauskailua. Horien guztien aurrean erantzuteko antolatuta egon behar gara, eta antolakuntza horrek gizarte berri baten aldeko antolakuntza izan behar du era berean. Baliabide tekniko, zientifiko eta sozialak gehiengoaren ongizatearen menpekoak izan behar dira eta ez kapital metaketara bideratuak, hori bezain sinplea da.

Peajearena bezalako borrokek, langile-klasearen bizi-baldintzen aldeko borrokek, antolakuntza komunista indartu behar dute, antolakuntza komunista indartsu bat izango baita gaitz horiei guztiei erantzuteko gai izango dena.