Ana Iriarte Bañez eta Iñaki Bengoetxea daude "Baztango Xurie", mendiko mahastigintza ekologiko proiektuaren atzean. Nekazaritzako ingeniariak dira biak, eta horretan ari ziren lanean 2013ko krisian langabezian gelditu ziren arte. Iruñetik Arizkuna bueltatzea erabaki zuten orduan, nekazaritzako proiekturen batean sartzeko asmoz. “Bizitzan zirt edo zart egin beharreko momentu horietako bat izan zen”, gogoratzen du Iriartek. Hasieran ez zuten lurrik, baina partzelak alokairuan uztea lortu eta urteotan hiru txandatan landatu dituzte mahastiak; horietako baterako Udalbiltzaren laguntza bat jaso zuten. Egun, Arizkungo lau partzelatan banatuta dauden hiru hektarea lantzen dituzte.
Behin baino gehiagotan entzun behar izan zuten proiektua abiatu baino lehen ezinezkoa izanen zela Baztan inguruan ardoa ekoiztea. “Gure erreferentzia beti Baigorri eta Irulegi izan dira, asko jo dugu hara hurbiltasunagatik, baina denek esaten ziguten: ‘klima diferentea da!’”, dio Bengoetxeak. Toki bateko eta besteko datu klimatikoak aztertu zituzten, eta Izpegiko beste aldeko eta Gipuzkoako eta Bizkaiko txakolin ekologiko ekoizleen laguntza eta babesarekin aurrera egitea erabaki zuten.
Mahastiak landatu eta gero, hiruzpalau urte itxaron behar da mahatsak jasotzen hasteko, eta produkzio on baterako, berriz, zazpi bat urte. “Tarte horretan nondik bizi? Diru-laguntzak ez daude horretarako batere prestatuak”, salatu dute. Lehen urte zail horiek pasatzea lortu ondoren, 2016an, lehen aldiz, probetarako ardo kantitate txiki bat egin ahal izan zuten. 2017an, berriz, ardo produkzioarekin hasi ziren bete-betean. Aurtengo uztatik 4.000 botila inguru ateratzea aurreikusten dute, eta hiru hektareetako mahasti guztiak produzitzen hasten direnean, 10.000 ingurura iristea da helburua.
“Hasierako urteetan Erriberrin eta Iguzkitzan ardotu genuen gure mahatsa, hemen azpiegiturarik ez genuelako”, diote. Haien asmoa Arizkunen bertan haien upeltegi propioa martxan jartzea zen, eta azkenean, 2019an lortu zuten. Geroztik, han egiten dute ardo guztia. Irulegi sormarkako Izkiriota handia eta txikia, txakolineko Hondarribi Zuri eta Altsaziako Riesling mahats motak erabiltzen dituzte ardoa egiteko, dena eredu ekologikoan ekoitzita. “Hasieratik argi genuen ekologikoan lan egin nahi genuela, ingurumenarekin, langileekin eta kontsumitzaileekin errespetuzko zerbait izan beharra zuelako, eta gure txikitasunetik mundua beste eredu batzuekin mugitu beharra dela uste dugulako”.
Orain arte Kiribil izeneko ardo mota bakarra egin badute ere, aurten berrikuntzekin datoz: Betarte ardoa, egurrezko kupelean ondua. Salmenta zuzenari eta merkaturatzeko bide laburrei garrantzia ematen diete eta inguruko azoketan ibiltzen dira askotan. Bestela, hurbileko dendetan eta jatetxeetan ere saltzen dute, eta Baztango Zaporeak ekimeneko parte ere badira. Euskal Herriko beste tokietara Biba Ardoak proiektuaren bidez iristen dira.