argia.eus
INPRIMATU
Ez ordenagailu eta ez mugikorrik, unibertsitateko klaseetan
  • Ez ordenagailurik, ez mugikorrik klasean, eta apunteak eskuz. Unibertsitateko hirugarren graduan esperimentua egin du irakasle batek, batez ere ikasleen kontzentrazioa eta arreta handitzeko helburuz. Ikasleen hasierako erresistentziak gaindituta, baikorra izan da emaitza.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko azaroaren 14a
Kontzentrazioa, arreta eta memoria hobetzeko balio izan die esperientziak ikasleei. Argazkia: Freepik

Unibertsitateko klaseetan ordenagailu eramangarriak eta tabletak orokortu diren honetan, Komunikazio arloko bere ikasgaia “pixelik gabeko eremu” izendatu du Madrilgo unibertsitate publiko bateko irakasleak, hamar astez. “Aurreko ilarako ikaskidea YouTuben edo TikToken ikusten ari denarekin ez despistatzea eta notifikazioen tentazioan ez erortzea” izan ditu helburu, besteak beste.

Hasieran, ikasleek mesfidati ikusi zuten proposamena, baina kexak azkar amaitu zirela kontatu du irakasleak, eta azpimarratu du bere klase magistralez gain, material ugari dutela eskura ikasleek (oinarrizko irakurketak PDFan, aurkezpen grafikoak, bibliografia, artikuluak...).

Zein izan dira apunteak eskuz hartzearen eta teknologia klasetik ezabatzearen ondorioak? Hiruhileko horri dagokion azterketa %77ak gainditu du (%15ak Bikain kalifikazioarekin). Ebaluazio inkesta anonimoa ere bete dute ikasleek, eta ia denek diote pantailarik gabe eta apunteak eskuz hartuta gehiago kontzentratu direla klasean (%97,3ak), baita klaseak hobeto barneratu dituztela ere (%92ak). Esperientzia positiboki baloratu dute ikasleek, eta onena zer izan den idazteko eskatuta (hau ere anonimoki), esaldi errepikatuenetakoa izan da kontzentrazioa, arreta eta memoria hobetzeko balio izan diela. Txarrena berriz, irakaslearen azalpenen erritmoa jarraitzeko zailtasunak izan dituztela, apunteak hartzeko denbora gehiago behar izan dutelako eskuz idatzita, ordenagailuz baino.

Ikasle ia denek diote pantailarik gabe eta apunteak eskuz hartuta gehiago kontzentratu direla klasean (%97,3ak), baita klaseak hobeto barneratu dituztela ere (%92ak)

Hezkuntzaren digitalizazioa eztabaidagai

Hezkuntzak bizi duen digitalizazio prozesua eta teknologiak hezkuntzan (izan behar) duen lekua eztabaidagai dira uneotan. Suedian, eskolak digitalizatzeko plana eten eta testu-liburuak berreskuratuko dituzte; Frantziako estatuan, zuzenean eskolak pantailaz eta teknologia digitalez betetzen ari direla eta gogoetarik gabeko bide arriskutsua egiten ari direla salatu du CoLINE kolektiboak.

Unescok berak ohartarazpena egin zuen pasa den uztailean: Teknologia hezkuntzan: tresna bat, zeinen mesedetan? txostenean, gogoratu du teknologia eskolan inplementatzeko prozesuak hausnarketa behar duela, aintzat harturik gehiegizko teknologizazioak, irakasle kualifikatu ezak edota teknologia teknologia hutsagatik ezartzeak ez diela onurarik ekartzen ikasle eta irakasleei. Eraldaketa teknologikoaren erritmo azkarra hezkuntza sistemetan eragiten ari den presioa ere aipatzen du txostenak.

Gaiaz gehiago:

- "Teknologia pixka bat baliatzea ona da hezkuntzan, baina asko baliatzeak ez du laguntzen".

- "Eskolan pantailekiko gehiegizko esposizioa normalizatzen ari dela salatu dute".

- "Eskolak digitalizatzeko plana eten eta testu-liburuak berreskuratuko ditu Suediak".