argia.eus
INPRIMATU
“Ez nuen uste lortuko zenuenik”

Ainhoa Etchenique 2022ko ekainaren 20a

Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldi hori gure bizian? Zure biziko momentu zailena bizitzen ari zarela eta, halako esaldi batek amorrua baizik ez dizu pizten. Nire hurbileko pertsona batek esan zidan hori, alta, gehien sustengatu behar ninduen pertsonetariko bat izan beharko zuen teorian. Zuk niregan ez baduzu sinisten, nik egingo dut eta frogatuko dizut borroka bakoitzak helburu bat duela. Azkenean, gugan sinistu dezakeen pertsona bakarra gu gara. Beraz, zuk ez baduzu sinisten, nork egingo du ba?

"Hiru urtetik hona borroka etengabean ari naiz, nire buruaren, traumen eta beldurren kontra. Momentu ezin ilunagoak bizi izan ditut"

Jendea geroz eta jeloskorragoa da, zure erronkan ez zaitu lagunduko. Zalantzan jarriko ditu zure ideiak, zure borrokak, eta azkenean, zure buruaz dudaraziko zaitu. Nire bizia kanpotik ikustea eta kritikatzea erraza da, baina uretik ateratzen den izozmendiaren parte txiki hura baizik ez duzu ikusten. Kritikatzen ninduzunean, ba al zenekien ikusten zenuen neska nerabe hark gauero negarrez orduak eta orduak ematen zituela bere amaren logelan? Ba al zenekien neska horrek ez zuela gehiago borrokatzeko indarrik? Ba al zenekien biziari zentzurik ez ziola gehiago atzematen? Ba al zenekien beheraldi garaiak, bere besoak zabalik ireki zizkiola? Nor zara zu nire bizia ni baino hobeto ezagutzeko, eta nire gibeletik hitz egiteko?

Jendea biziki azkarra da zurrumurruak zabaltzeko. Egun batetik bestera lizeoa utzi nuen, eta geroztik ez nintzen inoiz bueltatu. Orduan jakin nuen ikasleak zurrumurruak asmatzen hasi zirela, depresioan nintzela erranez. Ez nekien nire osasun mentala ni baino hobeto menperatzen zenutenik! Nire biziko aktore nagusia ni naizenez, nire errealitatea zein den azalduko dizuet. Hiru urtetik hona borroka etengabean ari naiz, nire buruaren, traumen eta beldurren kontra. Momentu ezin ilunagoak bizi izan ditut. Lizeoan ez nintzen batere ongi sentitzen, eta azkenean, eskolarekiko fobia sortu zitzaidan. Arazo pertsonalen, traumen eta eskolaren arteko nahasketak ez zidan onik egin. Beraz bai, nire aterabide bakarra eskola bertan behera uztea izan zen, nire osasun fisiko eta mentala baitira garrantzitsuenak.

Bestalde, hainbat pertsona toxiko erakartzeko gaitasuna izan dut nire bizi osoan. Pertsona horiek pixkanaka nire hilobiaren ziloa egiten hasi ziren. Ezagutu dudan mutil toxikoenaren bidearekin gurutzatu nintzen momentutik, hil egin nintzen. Izan ere, barnetik usteltzen hasia nintzen, biziaren koloreak ez nituen gehiago ikusten, xuri-beltzez begiratzen nuen bizia. Baina, denborak eskutik heldu zidan, eta tunelaren helmugaren bidea erakutsi zidan. Gaur egun, ez naiz osoki tuneletik atera, baina paretaren beste aldean den argiaren koloreak geroz eta gehiago ikusten ditut. Hainbat gauza baditut oraindik errateko, baina burura etortzen zaidan gauza bakarra da: mila esker ama, mila esker betidanik niregan sinistu izanagatik. Zu zara bizkar gainean hartu, eta tunelaren irteerarantz eraman nauena.